GARA BILBO

Jun Märkl zuzendari alemaniarra, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren musika aholkulari berria

Datozen hilabeteotan garatu beharreko musika ardatzen inguruan lanean dihardu jadanik. Jun Märkl musika aholkulari berriak lau bider zuzendu du Euskadiko Orkestra, aurrenekoa duela urte bi, Biarritzen.

Andres Orozco-Estradaren aro emankorraren ondoren, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) Jun Märkl orkestra zuzendaria musika aholkulari izango du 2014-15 denboraldian. Alemaniar orkestra zuzendariak presentzia oso nabarmena izango du datorren kontzertu denboraldian eta zuzendari titularrak berariazkoak dituen betekizunak garatuko ditu. Märklek datozen hilabeteotan garatu beharreko musika ardatzen inguruan lanean jardun du eta kontzertuen prestakuntzan murgildurik dago jada.

Musika aholkulari berriak lau bider zuzendu du EOS. 2012an zuzendu zuen estreinakoz, Biarritzen, Euskal Kostaldeko Musikaldian (Musique en Côte Basque). Ordutik, alemaniar maisuak Abonu Denboraldiko hiru programatan zuzendu du EOS. Haren arduradunen iritziz, horrek «sakonki elkar ezagutu, ulertu eta orkestraren proiektu berezia partekatzeko abagunea» ematen du. EOSek eta zuzendariak «hasieratik aditu dute elkar eta musika-aro berri baten hasiera dakarren lan ildoa sortu da, non Jun Märklek errepertorio sinfoniko handian heldutasuna eta finkatzea eskaini ahalko dituen», gehitu dute.

Lakuako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Jun Märklek eta Orkestraren zuzendaritza nagusia uzten duen Iñigo Alberdik egoki deritzote zuzendaritza nagusi berriak kargu hartzeari egokitu eta ordura arte itxarotea harreman hau etorkizunera begira baieztatzeko. Musika aholkulari izendatu berri, Jun Märklek Orkestraren musika zuzendaritza osatuko du, zuzendari nagusi gonbidatu izaten jarraituko duen Andrey Boreykorekin batera.

Jun Märklek EOSen musika aholkulari gisa egingo duen lehenbiziko agerraldia 2014-15 denboraldi berriaren aurkezpen prentsaurrekoan izango da, datorren ekainaren 16an, 13.00etan, orkestraren egoitzan. Aurkezpen honetan arituko dira Joxean Muñoz, Lakuako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea, Iñigo Alberdi, EOSen zuzendari nagusia; eta esan bezala, Jun Märkl orkestra zuzendaria bera, aurrerantzean EOSeko musika aholkularia.

Sergiu Celibidache handiarekin ikasitakoa

Munichen jaioa, bere aita concertino ospetsua izan zen, eta bere ama, pianista bakarlaria. Märklek biolina, pianoa eta zuzendaritza ikasi zituen Hannoverreko Musikhochschule eskolan. Bere ikasketak Sergiu Celibidacherekin (Munichen) eta Gustav Meierrekin (Michigan) osatu zituen. Bere ibilbideari dagokionez, Jun Märkl nazioarte mailan ibilbide oso luzea duen zuzendari ezaguna da, alemaniar zein frantziar errepertorioan eskarmentu handikoa.

Erreferentziazko orkestra sinfonikoen zuzendari titularra izana da: Orchestre National de Lyon (2005-2011) eta MDR Sinfonierorchester Leipzig (2012ra arte). Halaber, Cleveland, Filadelfia, Txekiar Orkestra Filarmonikoa eta Municheko Orkestra Filarmonikoa ere zuzentzen ditu, besteak beste. Operaren alorrean ere biziki jarduten duen zuzendaria da Märkl, Viena, Berlin, Munich, Budapest eta Dresdengo estatu operen lankide delarik. Bere grabaketen artean, aipagarrienak, Mahler, Schumann eta Debussyri eskainitakoak dira. GARA