Maider EIZMENDI Kazetaria
Histórica cadena humana por el derecho a decidir

Eguzki galdatan hozkirria

Eguzkiaren hoberena itzala omen; saialdiaren gozoena, esfortzuaren ondotik datorren garaipen sentimendua; aho zabalez «lortu dugu!» esatearen eztia. Denak bat, ohi baino goizago, argiago eta biziago esnatu zen egunean, berezi eta ahaztezin iragartzen ziren orduetan.

Bero galdatan hozkirriak gorputzean, hasi behatzetatik, segi urdailean eta begi txokoetara iristeraino. Bagenekien, azken asteetako datuek aurreratu ziguten festa, iragarri arrakasta; zenbakiek emana ziguten, jada, balekoa. Baina irribarreen, asmoen, sentipenen garaipena izan zen atzokoa; eta horregatik zirrara eta handitasuna, halako harrotasuna. Horregatik olatuak, horregatik barreak, horregatik baxu hasi eta ozenago egiten ziren txaloak, horregatik izerditan bustita ere elkarri eskuak emanda jarraitzeko beharra eta nahia.

Txiki sentitzea ez dut maite, baina zerbait handiaren zati txiki sentitzean, handi-handi sentiarazi ninduen, gintuen atzo. Katearen amaiera iragartzen zuen etxafuegoarekin lehertu ziren txaloak Beasain eta Lazkao artean hartua genuen tartetxo estuan eta Durango eta Iruñea bitartean luzatzen zen zaparrada harroa zela jakiteak eguzki galdatan haizerik bortitzenak adina gozamen eragin zigun bertan bilduak geunden lagun taldeari; eskuak askatu genituen txalo egiteko, garaipen haizea arnasteko, berriz ere «erabakitzen den» guztietan helduko ditugula jakinda.