Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
ITSASOA

Fiji Pro 2014: Gabriel Medina berriz ere buru

Belaunaldi berriak gailendu dira ASPko azken proban. Ranking orokorrean aldaketa nabarmenak izan dira. Kelly Slaterrek bi postu behera egin du, eta Gabriel Medina brasildarrak rankingeko lehen postua berreskuratu du, Fijin txapela irabazi ostean.

Gabriel Medinak lidergoa berreskuratu du. Itzuliko hirugarren txapelketaren ostean bera zen buru ranking orokorrean eta Brasilgo txapelketara sekulako indarrarekin joan zen. Etxean sekulako kolpea jaso zuen, ordea; izan ere, hirugarren txandan kanporatua izan zen, eta rankingean lau postu behera egin zuen. Baina brasildarra ez dago etsitzeko prest, eta inoiz baino indartsuago itzuli da. Fijin, aurten munduko titulua eskuratzeko ahal duen guztia egingo duela erakutsi zuen.

Medinarekin batera belaunaldi berriko lehiakideak izan dira Fijiko txapelketaren ostean gora egin dutenak. Michel Bourez, Nat Young, Kolohe Andino edo John John Florence aipatu daitezke rankingean gora egin eta pixkanaka gero eta postu hobeak lortzen ari direnen artean.

Brasilgo txapelketan izan ziren bi finalistak, Michel Bourez eta Kolohe Andino, finalerdietara iritsi ziren Fijin. Brasilen irabazi zuen Michel Bourez tahitiarra Nat Young estatubatuarrak kanporatu zuen. Gabriel Medinak, berriz, Kolohe Andino garaitu zuen eta horrela iritsi zen finalera, txanda guztietan lehen postua eskuratu ostean.

Medina VS. Young

Gabriel Medina eta Nat Young izan ziren Fijiko finalean. Olatuak ez ziren pasa den astean nesken munduko txapelketan izan ziren bezain ederrak. Metro eta erdi inguruko olatuak zeuden, oso azkarrak, baina borobilak eta kalitatekoak.

Lehiakideek ariketak ia arnasarik hartzeko betarik gabe egin behar zituzten, abiada bizian; izan ere, etengabe jasotzen zen sekzio moduko bat zen olatua. Fijikoa, bere berezitasun guztiekin (ur beroa, korala, eta abar), Mundakako olatuarekin aldera daiteke, zeren ezker olatu luze eta azkarra da, tuboak egiteko eremu zinez borobilak dituena, eta une batzuetan surflariari ariketa lasaiagoak egiteko aukera ere eskaintzen diona.

Medina eta Young ezker surflariak dira, eta beraz, aurpegiz aritu ziren surfean. Ez da batere ohikoa bi «goofy» finalera iristea, lehiakide gehienak, eta batez ere ezagunenak, eskuin surflariak (regular) baitira.

Olatuaren berezitasunak kontuan hartuta kasu batzuetan bizkarka surf egiteko aukera abantaila bat dela esaten da, eta beste olatu batzuetan berriz, aurpegiz aritzea hobeto omen da; horregatik, ASP zirkuitua osatzen duten lekuetako olatuak partekatuak daude. Hala ere, munduko surflari onenak dira lehian ari direnak, beraz aurpegiz edo bizkarka aritzeak emaitzetan eragin dezake, baina erkaketa oso txikia da.

Pasa den ostegunean, Euskal Herrian gaueko hamaika eta erdiak zirenean, Fijin, ostiral goizeko bederatzi eta erdiak ziren. Cloudbreakeko urautsian 40 minutuko finalari hasiera eman bezain laster Gabriel Medina ero moduan arraun egiten hasi zen batera eta bestera. Olatu bat hartu zuen, apur bat korri egin ostean, olatutik atera zen. Atzean zetorren olatua hartzeari ekin zion jarraian, eta olatuari ahalik eta etekin gehien atera zion. 7,33 puntu eman zizkioten epaileek. Hasiera bortitza izan zen.

Medina alde batera eta bestera geratu gabe zebilen, Young patxadaz olatu on baten zain zegoen bitartean. Hamabost minutu pasa ziren kaliforniarrak zain zegoen olatua hartu zuen arte. Hiru tubo egin zituen bere lehen olatuan. 8,17 puntu bildu zituen.

Medinaren erantzuna segidan etorri zen. Txandako olatu handiena etorri zen eta brasildarrak hartu zuen. Tubo bikain bat egin zuen, oso sakona, eta atera ostean bira indartsu bat egin zuen eta ostera beste tubo bat, txikiagoa. Epaileek 9,87 puntu eman zizkioten.

Txanda amaitzeko 15 minuturen faltan, Medinak 18,40 puntu bilduak zituen bere bi olatu onenekin. Young gazteak berriz, 14,77 puntu zituen. Horrela, finala amaitu artean barealdi luze bat izan zen, ez zen olaturik izan, eta ondorioz, ez zen aldaketarik gertatu bi olatu onenen puntuazioan; beraz, brasildarra gailendu zen.

Medina «on fire»

Honela deskribatzen zuen Medinak finala: «Zorioneko bi olatu on izan ditut. Olatu hau ikaragarria da. Lan egiteak bere fruituak ematen ditu. Nat surflari bikaina da eta finala ona izan da berarekin. Tubo horien barruan nengoenean hain nengoen urduri ez nuela ezer ikusten eta ateratzean ni neu ere harrituta nengoen».

Orain ranking orokorreko lehen postuan jarri da Medina, eta berriz ere indarra hartu du aurten lehen aldiz brasildar batek munduko titulua irabaz dezakeen zurrumurruak. Hurrengo geldialdia Hegoafrikan izango da, Jeffreys Bayko eskuin olatu mitikoan, uztailaren 10a eta 21a bitartean.

Esatariek dioten moduan, Medina «on fire» da, eta haren hitzak entzunda horrela dela baiezta daiteke: «Zoragarria da berriz ere rankingeko buru izatea. Oraindik goiz da, baina ongi sentitzen naiz. Ez dut inoiz surf egin Jeffreys Bay-n, baina orain etxera joan eta prestatzeko gogor lan egin behar dut».