GARA DONOSTIA
Histórica cadena humana por el derecho a decidir

Eskuak lotuz, distantziak laburtu ditu erabakitzeko eskubideak

Bi herrialdeen artean ehunka kilometro egon arren, kasu batzuetan milaka, Euskal Herria eta nazioarteko herrialde ugari elkarrengandik oso gertu sentitu dira egunotan. Hala izaten da, batzuetan ez da zertan ondoan egon berotasuna transmititzeko. Halako zerbait gertatu da igandeko giza katearekin. Durango eta Iruñea batu ziren egun berean, atzerrian bizi diren euskal herritarrek nahiz bertakoek euren eskuak batu zituzten, herri honek erabakitzeko eskubidea duela aldarrikatzeko. Igandeaz gain, asteburuan zehar luzatu dira aldarrikapenak, eta atzo ere irudi berriak ailegatzen ziren etengabe erredakziora. Berlin, Saudi Arabia, Urbino (Italia), Venezia, Montevideo, Mexiko DF, Dublin, La Plata, Sidney, Zeelanda Berria, Lisboa, Londres, New York, Txile... leku asko eta asko, ia ezinezkoa guztiak aipatzea.

La Platako Euzko Etxeak, esaterako, giza katea egiteaz gain, «Gure Esku Dago» hitza osatuz, herri bazkaria antolatu zuen trinketean. Ehunka lagun bildu ziren jai giroan, mahaiaren inguruan. «Nazio bat gara, herri bat! Gora Euskal Herria askatuta!», aldarrikatu zuten, interbentzioa txalo zaparradarekin itxiz. Ikurrinak nagusi ziren.

Hain zuzen, Argentina oso herrialde aktiboa izan da Gure Esku Dago dinamika babesteko garaian. Euskalkultura.com atariak jakinarazten duen moduan, FEVA-k (Euzko Argentinar Bazkun Alkartasuna, gaztelerazko siglekin), deialdi berezia luzatu zuren bere elkarteen artean ekimenarekin bat egin eta bakoitzak bere aletxoa jartzeko. Buenos Aireseko Euskaltzaleak izan zen goiztiarrena, ostiralean bertan, gauerdian, osatu baitzuen giza katea. Ordu batzuk lehenago Dani Oiarbideren bisita jaso zuten, Gure Esku Dagoren nondik norakoak azaldu eta helburuak zeintzuk diren argitzeko. Villa Maria, Pergamino, Chascomus eta Cañuelas-eko euskal etxeek ere parte hartu dute, beste askoren artean.

Giza kateekin batera, oso aberatsa izan da bideo bidez herritarrek egin dituzten ekarpenak. Muntaia anitzak eta koloretsuak ikusi dira, musikaz hornituak. «Harresiak ez ditugulako maite, gure esku dago», «Herritarrena da erabakitzeko eskubidea» edo «It's in our hands» dira atzerritik helarazi dizkiguten mezuetako batzuk.

Babes hori ez da soilik asteburuko gauza izan, izan ere, orain urtebete dinamika martxan jarri eta bultzatzaileek horren berri eman zutenetik, bideoak heldu izan dira Dublin, El Salvador, Cancun eta Berlinetik, besteak beste. Horren erakusle, Casillako ekitaldiaren amaieran aurkeztu zuten bideoa. Bertan, agertzen dira Minnesota, Boise, Tahoe lakua, Uruguai, Bristol (Britainia Handia) eta abarretik iritsitako babes adierazpenak.

Munduan barrena bidaiatu du Gure Esku Dagok, eskuak lotuz distantziak laburtuta, helmugara heltzeko.