Nagore BELASTEGI

Modaren harietatik tiraka, abotonarte kolektiboa josi dute

Multinazionalak direla-eta denak antzera janzten gara. Denok denda berberetan egiten ditugu erosketak eta, azkenean, kalitate eskasaz milaka kilometrora egindako jantziak eramaten ditugu soinean, geure nortasuna ezkutatzen ari garela konturatu gabe. Egoera horri buelta ematea posible dela erakustera etorri dira diseinatzaile nafarrak.

Abotonarte izen ederra jarri diote zazpi diseinatzaile nafarrek osatutako kolektiboari. Zazpi elkartu dira, baina askoz gehiago dira, pixkanaka euren ingurura erakarri nahi dituztenak. Donostian, esaterako, modak garrantzi handiagoa dauka. Kutxa Kultur jaialdia lehen aldiz antolatu eta gutxira agertu ziren herritarren sorkuntzak kalera ateratzeko eskaerak. Hala, Kutxa Kultur Hirian artelanak, eskulanak, eta abar erakusten diren bitartean, Kutxa Kultur Lanak hiriko diseinatzaileei aukera bat emateko bidean sortu zen. Desfile jendetsuak prestatu zituzten eta Donostian zehar dauden tailerretako diseinatzaile gehientsuek euren sorkuntzak jendearen eskura jartzeko aukera izan zuten. Horrelako ekintzei esker, egunero eskuz lantzen dituzten jantziei balioa ematea posiblea da, jendeak bertatik bertara ezagutzen duelako sorkuntza prozesua. Era berean, ohiko saltokietatik at bestelako moda-inguru bat ezagutzea ahalbidetzen digute; mundu osoan dauden dendetan aurkitzen ditugun gauzak baztertu ez baina gure nortasuna definitzen lagunduko diguten jantziak tartekatu ditzakegu noizean behin.

Iruñeko diseinatzaileek ere bide horretatik jo dute Abotonarte kolektiboa sortzeko. «Ideia sortu zen, bat-batean moda egiteko grina berpiztu delako. Gure bizitzako une desberdinetan ezagutu dugu elkar eta erabaki genuen zerbait berezia egitea», kontatu zigun kolektiboko partaide Aiora Ganuzak. Eta aipatutakoa egia da. Izan ere, gero eta gehiago baloratzen dira norberak eskuz egindako gauzak. Horregatik, eskulan guztiak bezala, ia galduta zegoen joskintza berpizten ari da orain. Aiora eta bere kide Patriziak Hari & Ari denda-tailerra dute Kuria kalean, eta joskintza eta patroigintza eskolak ematen dituzte. «Hemen ditut ikasleak presioa sartzen... -esan zuen Aiorak txantxetan, atzean barreak eta josteko makinaren soinuak nahasten ziren bitartean- ez, ez, oso jatorrak dira».

Aiora eta Patriziarekin batera (Hari & Ari dendan Kottoi izeneko euren marka propioa saltzen dutenak), kolektiboa osatzen duten gainerako diseinatzaileak honako hauek dira: Eunate eta Maite, Adabaki markaren sortzaileak; Dani Chong, Chongbag poltsoen egilea; Alazne, Erabili markaren «ama»; Jesi, Mustroak-en egilea; Ione, Korapilo diseinuen kudeatzailea; eta Igor, Trimmer-en sortzailea. Batzuk ikasketaz diseinatzaileak dira, eta beste batzuk, berriz, autodidaktak dira.

«Kalean erabiltzeko moda egiten dugu», azpimarratu zuen Aiorak. Izan ere, batzuek dendarik ez badute ere, euren gustuen araberako arropa jantzigarriak egiten dituzte: batzuek emakumeentzat, beste batzuek gizonezkoentzat, eta badago bakarren bat haurrentzako arropak zein osagarriak egiten dituena. Abotonarte kolektiboaren aurkezpen ofiziala gaur izango da. 19.00etan zabalduko dituzte Katakrak espazioko ateak eta ordu erdi geroago desfile bat egingo dute. Zerbait gustatuz gero, diseinatzaile bakoitzak bere txokoa izango du egindako jantziak saltzeko.

«Hiru hilabete inguru eman ditugu hau prestatzen. Espero dugu desfilea ondo ateratzea; horrelako zerbait egiten dugun lehenengo aldia da. Modeloak lagunak dira; beste noizbait desfilatu dutenak edo argazkilaritza saioetan parte hartu dutenak. Ez dira modelo profesionalak, baina kontu hauetan murgiltzen dira», azaldu zigun Aiorak. Diseinatzaile aitzindari hauen helburua urtero horrelako zerbait antolatzea da, iruindarren artean ezagun egiteko eta «moda desberdin bat badagoela» jakin dezaten.