Olasagasti prest dago inork egin ez duena egiteko
Igeldoko aizkolari beteranoak gaur arratsaldean 20 oinbiko erdibitu nahi ditu Tolosako zezen-plazan, Sanfilippo gaitza duen Oier Iribarreni laguntzeko.

Joxemari Olasagastik bere buruaren aurkako erronka izango du gaur, 18.30etik aurrera Tolosako zezen-plazan. 20 oinbiko erdibitu nahi ditu, orain arte plazan inork egin ez duena, eta horrela marka bat jarri nahi du. Egin behar duena handia izango den arren, gaurko saioaren zergatia ere handia da oso; hain zuzen, Oier Iribarren, Sanfilippo gaitza duen umeari laguntzeko dirua biltzea. Sarrerak 15 euroren truke izango dira salgai eta, dirudienez, dagoeneko oso erritmo onean ari dira saltzen.
Urtea gogorra du aurtengoa Igeldoko aizkolari handiak. Jadanik bi apustu jokatuta dago, eta biak irabazi ditu, Xabier Orbegozo Arria V.a eta Jon Irazu mendean hartu baitzituen. Orain, honelako marka handi bat egin nahi du, eta hori guztia lau hilabeteko epean burutuko du. Igeldotarrak jadanik 55 urte ditu, baina garbi dago sasoi betean dagoela.
Lana, ordea, ikaragarria da, eta azken egun hauetako beroa egiten baldin badu, horrek eragina ere izango du. Gipuzkoarra, ordea, gustura dago bere prestakuntzarekin. «Oso ongi ikusten dut neure burua. Fisikoki primeran nago. Apustuak eta gero ere ez diot entrenatzeari utzi, eta lanean jarraitu dut. Zaila da beti punta-puntan egotea, baina ni gustura nago», aitortu zuen igeldotarrak.
Honek ez dauka apustuekin zerikusirik, baina presioa berak bere buruari jartzen diola esan zuen Joxemari Olasagastik. «Garbi dago hemen ez dudala aurkaririk izango eta, alde horretatik, neure buruarekin bakarrik kezkatu behar dut. Baina, behin plazara joandakoan beti izaten dira urduritasun puntuak ere. Lan on bat egin nahi dut, denbora on bat egin», esan zuen.
Bi orduren bueltan ibili nahiko luke, eta garbi dago luzaroan iraun dezakeen marka bat jar dezakeela Igeldokoak. Jarraitu beharreko erritmoa ere nolakoa izan behar duen garbi dauka. «Beste baten aurka jokatzen denean beti aurre hartu nahi izaten da, horrek norberari indarra ematen diolako eta aurkaria beti apur bat zapuzten delako, baina kasu honetan horrek ez du balio. Hau iraupen proba bat da, eta hasieratik hartu behar dut erritmo ona, eta gero hari jarraitu beharko diot», azaldu zuen Joxemarik.
Ikusmina handia da, eta gaur jendetza batuko da bera ikustera. Goizean jarriko dituzte enborrak, eta horiek ikustera zezen-plazara joan nahi duenak ere ateak zabalik izango ditu. Horrelako errituak ere jendeak gustuko ditu, eta seguru asko ere bat baino gehiago izango dira bertara gerturatuko diren zaleak ere.
Badirudi, gainera, aizkolari bat baino gehiago joango direla enborrak jartzen laguntzera, eta aizkora giro hori goizean goizetik nabarituko da Tolosan, batez ere zezen-plaza inguruan; izan ere, Igeldoko aizkolari beteranoak egin nahi duena ikaragarria izango da eta inork ez du ikusteko aukera galdu nahiko.

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
