J.L.
GIZA-PROBA | Gipuzkoako Liga

Orioko Heldu izan da lehen saioko onena

Orioko Heldu izan zen Gipuzkoako Ligako lehen jardunaldiko onena, eta finalean izateko lehen pausoa eman zuen. Bigarren geratu zen Itziarko Andutz, eta honek ere aurrera egiteko bidea egin zuen. Aurreneko biek lortuko dute sailkatzea, nahiz eta oraindik beste bi jardunaldi geratzen diren.

Itziarren jokatu zen aurreneko jardunaldi honetan ikuskizun bikaina izan zen, lehen postua metro gutxi batzuk erabaki baitzuten. Oriokoek 44 plaza, 2 zinta eta 4,10 metro egin zituzten.

Etxeko taldea, Itziarko Andutz taldea, bigarren postuan sailkatu zen, eta irabaztetik oso gertu geratu zen, baina bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen, 44 plaza eginda.

Azken postuan Mendaro sailkatu zen. 41 plaza, 3 zinta eta 2,43 metro egin zituen. Finalean sartu nahi baldin badu, datozen jardunaldietan herenegungo emaitza hobetu beharko du.