Denboraldiko aurreneko txapelak banatuko dituzte
Zizurkilgo Areta baserriko belardietan jokatuko dira bihar gizonezkoen eta emakumezkoen finalak. 100 eta 50 metro karratuko sailak izango dituzte.

Gipuzkoako nazioarteko erako finala jokatuko da bihar Zizurkilen, Areta baserriko belardietan. Abiadura eta azkartasuna nahasten dira proba honetan, eta neskak eta mutilak arituko dira herrialdeko txapela eskuratzeko asmoarekin.
Emakumezkoen mailan hiru segalari besterik ez dira lehiatuko, eta bakoitzak 50 metro karratuko sail bat ebaki beharko du. Alatzne Etxaburua, Alaitz Imaz eta Ainara Otamendi izango dira lanean arituko diren hiru segalariak. Etxaburua aterako da garaipena lortzeko faboritoa. Almitza Elkarteak antolatzen duen Euskal Herriko Ligako lehen jardunaldian ere irabazi zuen, eta bere etxean arituta, gainera, txapela lortzeko faborito nagusia izango da.
Mutiletan, berriz, parte-hartze handia izango da. Aitor Alkain, Peio Argaia, Igor Esnaola, Julen Gabirondo, Mikel Garaialde, Jokin Garmendia, Joakin Garmendia, Suharri Irazustabarrena, Iñigo Merkader, Iban Pardo, Juan Joxe Lizaso eta Oier Urkola izango dira lanean arituko direnak. Bakoitzak 100 metro karratuko sail bana izango du ebakitzeko. Azkarren egiten duten lau segalariek beste sail bat izango dute, neurri berekoa, eta hor erabakiko da txapela.
Berriak ere bai
Mutilen saioan izen berriren bat ere agertzen. Betiko eran jokatzen den txapelketarekin alderatuta, han parte hartzen ari diren zortzi segalarietatik bat faltako da hemen, Jon Kanflanka ez baita arituko. Beste zazpiak bai izango dira lanean.
Bestetik, berrien artean, Aitor Alkain agertzen da, eta berriak ikustea ere garrantzitsua izaten da. Tartean segalari gazte asko daude, eta horrek jende gazte asko eramango du saioa ikustera. Beteranoek ere jarraitzen dute, eta Joakin Garmendia izango da lanean arituko direnen artean zaharrena. Anoetarrak gogoz jarraitzen du, eta bai Gipuzkoako Federazioak, eta bai Almitza Elkarteak antolatzen dituzten nazioarteko erako probetan hartzen du parte.
Faboritoen artean Igor Esnaola agertzen da. Legorretakoa bai iraupen probetan, eta bai azkarretan oso ongi moldatzen den segalaria da, eta zaleen ustez txapel guztiak irabazteko faboritoa izango da.
Ezin da ahaztu Juanjoxe Lizaso ere. Bera ere oso ongi agertzen da, eta lantegi hauetara ere primeran moldatzen den segalaria da. Badirudi aurten Euskal Herriko eta Gipuzkoako txapel guztiak bi hauen artean egon daitezkeela.
Eguraldiak laguntzen baldin badu, ikuskizun aparta espero da Aretako belardietan, eta zaleek erantzun ona ematea espero da, nahiz eta mota honek oraindik ez duen erakartzen betiko erak bezainbeste jende.
Jose Inazio Flores aizkolariak ezin izan du bere gaixotasuna gainditu
Herenegun hil zen Jose Inazio Flores aizkolaria. Orain dela hiru urte pasa gaixotasun larri bat aurkitu zioten, eta orduan ekin zion bere bizitzako apusturik gogorrenari.
Zuen indarra eta sasoia alferrikakoak izan dira, eta ezin izan du gaixotasun larri hau gainditu, eta herenegun joan zen betirako. Atzo arratsaldean, bere herrian, Ziordian, egin ziren haren aldeko hileta elizkizunak, eta jendez gainezka egon zen herria. Herri kirol munduko hainbat eta hainbat aurpegi ezagun izan ziren bertan, hainbatetan aurrean, baina beti lagun izan zuten Jose Inazio Floresi azken agurra emateko asmoarekin. GARA

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
