Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Kontuak eman ezean, atera

Komunean, aurrera papera atzera papera, leituz ilustratu gurarik. Gainbegiratua eman eta ezer gutxi aurkitu, are gutxiago gure beheko Estatuan. Gutxi? Ez, azkeneko orrietara heldu, eskelak pasatuta, eta hara! Albistea hor! Karga handikoa! Hango selekzioak agur esan dio lehiakorren artean lehiatzeari! Agur, bai, azken agurra, akaberakoa den hori, ez heldu eta segituan ematen duzun hasierakoa. Goian bego, bestea! Baina horrez gain apenas albisterik beheko erreinu latz horretatik. Albiste gutxi, berririk batere ez. Itxura batean, uniforme lisatu berri asko ilaran, jauregien inguruan. Zerua eta lurra militarizatuak, aurkezpen-paseorako. Zezenetan lau, teilatu gainean, izerdia artean, beherantz begira...

Kontuak atera! Aire-eremua bera itxi omen zuten, periferiako hodei guztiak legearen aginduz hara metatuz. Hala ere, freskura periferian geratu zen, hodeiek sargoria baino ez zuten hara eraman, eta iluna, hori ere bai eraman, Meteosat lekuko deserosoa izan ez zedin. Kontuak atera! Kataluniako Estatutik beheko Estatu antzeko horretara zihoan hegazkin bat desbideratu egin zuten, eta Kuala Lumpurrera eraman ere. Aitzakia? Beheko hiriburuan, burua hartu atzizki huts modura, hegazkin-gripea itzulia zela! Ulertzekoa da, gripearena.

Ez dakit zergatik baina beirakien birziklapena datorkit burura monarken ondorengotzaz entzutean. Lehen, dendara botila hutsa eroan eta betea eskuan atera; orain, superreko botila kale izkinako ontzi berdera bota, apurtzea lortuz gero hobeto, eta ondoren beste bat egin, zerotik hasita zati guztiak batzen, eta zure eskura ipini, berriz kobratuta. Non da honen grazia, teknologian ez bada? Abisua emana dut, ez dakidala zergatik datorkidan hori burura monarkez ari naizela. Lehen behintzat behatzen arteko beltza zetorkidan burua!

Bada bai, kamera asko hango jauregien bueltan. Ulertzekoa, beraz, kamerarik ez izana hemen Kutxako lehengo bileran. Gardentasuna ilunaz janzten denean, ilunkeria agerian. Kutxena bai delitua gero! HilkutxaBank helburu bitala BBKrentzat! Kontuak atera! Bai, pen- tsatu beharko da serio horretan. Kontuak ematen ez dituen kutxan diren kontuak ateratzea pentsatu ere! Hilkutxa bihurtuta zertan negar-kantari egon ez izateko.