JOSEBE EGIA
ZIRIKAZAN

Soilik bi astean

Azkeneko astelehen bietan, «kanpoan» izan naiz. Lehenengoan, Gure Esku Dago ekimenaren biharamunari utzi genion lekua orri hauetan idazten dugunok, atsegin handiz, hasiera bateko aurreikuspenak zoragarri gainditu zituen giza kate jendetsu hartan izandakoen iritzi, sentipen eta argazkiei, herri honetan dagoen ilusioaren erakusgarri. Bigarrenean, aldiz, oso bestelako arrazoiek eragotzi zidaten asteroko hitzordu honi erantzutea, herriarekin barik nire sendiarekin loturiko gorabeherek, hain zuzen. Bueno -pentsatu nuen-, astelehen biz generoaren ikuspuntutik ematen dudan iritzi xumea ez agertzeagatik ez da ezer gertatuko, ez da ezer galduko. Batez ere, zorionez, ez delako bakarra; eta, bestetik, pentsa daitekeelako egun nahikoa landuta dagoela ikuspuntu hori, nahikoa barneratuta jendartean oro har, eta, nolabait, badugula apur bat erlaxatzea.

Pentsa daiteke eta pentsatzen da; errazegi, agian, azkarregi. Zeren eta lan handia egiten bada ere, esparru guztietan, oraindik ikuskeren hondo-hondoan dirauten antzinako eredu patriarkalak zartatu eta bestelako bizikidetza eragiteko, ezkutuagoak ere badirenak azaleratu eta erabat eraldatuz, gainditzeko, sakon eta indartsu eragin beharra baitago oraindik esparruotan guztiotan. Aste bi hauetan denetarik gertatu da, egunkariak-eta bor-bor ibili dira albistez eta erreportajez, udaren atarian, hain justu erlaxatzear gauden garai honetan. Ikusi besterik ez dago, horiei erreparatu, geure iritziek eta ahotsek, geure espazioak, zein beharrezko eta garrantzitsu izaten jarraitzen, eta jarraituko, duten, berresteko:

«Hiru herritarretik batek onartu egiten ditu zenbait tratu txar» titularpean, besteak beste, bikote-harremanetan bikotekidearen gaineko nolabaiteko kontrola ekidinezina delako iritzi hedatua jasotzen zen, «beti egon delako eta egongo delako». Bestelako titularrek, bakarrean bil litezkeenak, erasoen berri eman dute: Errenterian, Durangon, Gasteizen, Gernikan, Bilbon, Elxen... berri bihurtu direnak, eta zenbat geratu eta geratuko ote diren ezkutuan; izan ere, «Astebetean sei genero-indarkeria kasu» irakurritakoan, argi eduki beharko genuke «ezagun» hitza falta duela izenburuak; ez dezagun hain azkar ahantzi gutxienak direla salatzen direnak, bide luzea egiten dutela, gehienetan, pareta artetik ateratzeko.

Aste bi hauetakoak: «Indian, aste bitan, bost neskatila agertu dira bortxatuak eta zuhaitz batetik eskegiak»; «India ez da gai bere emakumeak babesteko»; «Euskal Herrian, 800 neskatila daude ablazioa jasateko arriskupean»; «Gasteizen, poliziak emakumeen salerosketan aritzen zen talde bat atzeman du»; «Pobrezia handiena seme-alabak dituzten eta bakarrik dauden emakumeek pairatzen dute»; «Ogasun Ministerioko teknikariek prostituzioa legeztatzeko eskatu dute, BPGri ekarpen handia egingo diolakoan»; «ETBk, presio sozial irmoaren ondorioz, `Cuadrilla busca cita' saioa bertan behera uztea erabaki du»; «Angelina Joliek mundu mailako bilkura antolatu du bortxaketa arma gisa erabiltzeari uzteko agintarien konpromisoa lortze aldera»;...