Xabier ETXANIZ ERLE
Udate

Abenturak bizi-bizi

«Karlisten altxorra» liburuaren izenburutik bertatik igar daiteke abenturazko liburu bat dugula esku artean eta karlisten garaiko altxor baten bila ari diren gazte batzuk dituela protagonista; horixe adierazten diguten azaleko izenburuak eta irudiak. Eta halaxe da, baina bada zerbait gehiago. Hasieratik ikus dezakegu liburuko protagonistetako bat, Alex, baserri batera daramatela abuztua pasatzera. Zigor bat da. Aita eta arreba Mediterraneo aldera doazen bitartean bera Baztan aldera bidali dute, aurreko kurtsoan irakasleek «geratu berri zelako» errukitu eta aprobatu zuten Alex, aurten, berriz, ez du irakasgairik gainditu.

Eta hasiera horretan nabaritzen da liburuan hainbat misterio aurkituko ditugula, batzuk handiak, altxorrarena esaterako, baina baita Alexen baitan dagoen egonezinarena, amaren heriotzak utzitako arrastoa.

Gaizka Arostegiren hirugarren liburu hau abenturazkoa dugu, aurrekoak bezala, eta egia esan oso arin irakurtzen den lana dugu. 42 kapitulu laburretan dago egituratua eta horrek bizitasuna emateaz gain arindu egiten du narrazioa, sinpletu. Irakurterraztasunean irabazitakoa narrazioaren aberastasunean galtzen du, ordea; argumentuak deskribapen fisiko, sentimenduen kontakizun eta gogoeta gehiagorako ematen duelako.

Hala ere, onartu behar da abentura bila datorren irakurlea ez dela dezepzionatuko «Karlisten altxorra» liburuan barneratuta; gertakari ugari, borrokak, heriotzak... eta maitasun historia bat Alexen abuztu ahaztezinean. Hori bai, gertakari asko aurreikusten dira, egileak amaiera guztiz zoriontsuaren alde egin du eta erraz igar daiteke hurrengo pausuak zeintzuk izango diren.

Alexek baserritik ihes egitea pentsatzen duen une batean elkarrizketa bat entzuten die bi gaizkileri altxor baten inguruan; baserrira bueltatu eta Iratiri, bertako neskari, kontatzen dio. Une horretatik aurrera bi neska-mutilak altxor horren bila arituko dira baserriko egoera ekonomikoa konpondu nahian. Bitartean gaiztoek beren papera egingo dute, Iratiren ama estutu baserria emateko, alboko baserriari sua eman, txakurra hil... On eta gaiztoen arteko borroka dugu, karlisten altxorra lortzearren, aurrera egitearren.

Eta borroka hori aurrera daramaten bitartean neska-mutilen arteko adiskidetasuna eta gero zerbait gehiago sortzen da; Alexek bere sentimenduak irekitzen dizkio, barnean duen ezinegona askatu: «Egun osoa ematen nuen negarrez. Askotan bera (ama) haserre ikustearren bakar-bakarrik. Ergel hutsa besterik ez nintzen», bai eta amaren heriotzan izan zuen eragina adierazi ere, «sekula ez diot inori esan. Zu zara lehena».

Nobela entretenigarria da Arostegiren hau; erraz irakurtzen dena eta abentura maite dutenentzat egokia. Nobelan zehar dauden korapilo ezberdinak (Alexen egoerarena, baserriaren etorkizuna, altxorra...) arazorik gabe askatzen dira orriek aurrera egin ahala. Eta Julen Ribasen irudiek, komikiaren eragina dutenak, ederki islatzen dute testuak dioena. Errealistak, kolore biziz eginak, testuaren osagarri dira. Zalantzarik gabe, une entretenigarria igarotzeko nobela dugu abenturazko lan berri hau.

Honi buruzko guztia: Udate