Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Autogobernua, auto-gobernua ote?

Gure behean den erreinu latz horretakoak kalentura sortzen dit, sukarra, sutan jartzen bainau. Ulertzekoa da zergatik deitzen dioten Gorte Nagusiak hango Kongresuari. Jakina da zerk egiten duen legebiltzar bat gorte, bertan biltzen diren gehienak gortesauak izateak! Horrexek! Erreinuetan arazoa ez da erregea, arazo nagusia esan gura dut, pajeak edonon egotea baizik, autopistetan beste; errege-mutilak esate aldera, eta errege-neskak, prefosta! Eta horretan nengoela, biraoka eta kawenka beti ere, elefanteak pasatu zaizkit buru aldetik. Horien isileko ehiztaria aforatu egin dute di-da batean, espresean, tiro egiteko armaren katuari sakatzeko behar besteko beta berean. Dortokak ere pasatu zaizkit burutik, oskola eta guzti. Bai, izan ere, oskolperatu gura izan dute ehiztari ohia, babesa eman nahian, tronua utzi ondoren, komunekoa ez, bestea, ehizatua bera ez izateko. Amen. Ene, ene! Animalia gutxi buruan eta azkenean marrazoak ere pasatu zaizkit! Eta, egia esan, ez dakit zergatik.

Politikak erre egiten du, erreinuetan batez ere, piromano asko baitago aforatuta. Beharbada, horregatik dira errauste planten aldeko sutsuak. Gauza ezaguna da zaborretan garbiena zaborra bera dela! Total, beste kimikari batek utzi du politikaren karga, aparteko kargu bat jasotzeko. Lehen, jelkideen buru zenak egin zuen; berak eragindako politikak errea eta, hara!, birfindegi batera egin zuen jauzia, bezeroen zorroa eta guzti, jakinda jausiz gero ere hantxe bazuela sare ederra. Orain errepublikano monarkiko batek utzi du, eta ustez unibertsitatera bueltatuko! GPSa beharko, hura topatzeko! Zer ez duen horrek tronutik idatziko, komuneko ate ostean, beherakoa duen aulki-min egunetan!

Politika! Zeinek ulertu! Ez dio bada esan Ajuria Eneako maizterrak hango beste maizterrari euskaldunok bakean uzteko! Gure bakean utzi gaitzala? Ala beren gerra eraman dezala? Ez da gauza bera. Ama, ama, pena dut ariman! Jakin dut «Ona, Itsusia eta Gaiztoa» hiruko hartatik Itsusia zendu berri dela. Bai, auto-gobernu ponentziatik pasatu gabe zendu ere. Lastima! gustura entzungo nuen berea. Portzierto, orain dut ulertzen ponentziaren izen horrena, beheko Epaitegi Nagusian baino auto gehiago dago Gobernu horretan: Hiriko, Epsilon... Autoen gobernua. Oskola omen. Amen.