Jon GARMENDIA Idazlea
Udate

Eguzkiak hasten duena euriak bukatzen du

Joan da ostirala, eta larunbata heldu da, eguzki galdek astinduta gainera, ahantzi nahi badugu ere, horretxegatik da uda. Goiz dator ate joka egun sargoria, eta bero da, bero. Baina bizirik gaude Lekornen, nehoiz baino bizitza gehiago ageri baitu inguruak. Dozenaka oihal-etxe ikusgai daude zelai berdean, urdinak, horiak, gorriak, ubelak, eta, seinale bat balitz bezala, haiei beha oroitu dut ekainak 28 dela gaur, Gay, Lesbiana eta Transexualen Nazioarteko Eguna. Pertsona askeak herri askean. Hemen bezalatsu. Hori izan da memoriara etorri zaidan esaldia, auskalo noiz eta nori entzuna.

Pasa da EHZ jaialdiko lehen gaua beraz, goizak ez baitio nehori itxaroten, bere erritmoan doa hura, eta parean harrapatzen duen guztia darama berekin, orain, ilunak eragindako kalteak zenbatzeko garaia da. Liskarraldi gogorren ostean gudu zelaian nola, hemen ez da zauriturik ageri lur zoruan, lurrean etzandako jendea bai, badago, plastikozko edalontzi batzuk eta botila hutsak ondoan dituztela. Ez da hain zaila suertatzen jakitea barnean zeukaten likidoaren destinoa zein izan den. Guk autoan egin dugu lo, adinak ez baitu barkatzen, eta gure solomoak ez daude lurraren hotz eta zorrotzari itsasteko jada. Egia erran, ez dakit nehoiz egon ote diren. Ideia ezkertiarrekoak garelako halatsu gabiltza anitz, baina bizimolde burgesa gehiago maite dugu, edo, tira, agian moda kontu bat da soilik, edo ongi antolatzearena bestela, anitz jendek ekarri baitu kanpatzeko furgoneta edo halakorik. Oihal-etxe klasikoak anitz dira hala ere, erraz muntatzen diren horietakoak, Quechua markakoak gehienak. Harrigarria da Quechuarena, badirudi «No Logo» iragartzen duen musika jaialdiaren patrozinatzaile nagusiak direla eurak.

Goizaldeko lauretan itzali zen agertoki nagusiko musika, baina gu iratzarri garenean ez da halakorik gertatu auto bakan batzuetan, eta ezta kanpin dendetan ere, seguruenik jaialdia amaitu arte dezibelioek dantzan segituko dute horien epelean. Atzo gaueko abenturak ditugu hizpide esnatu bezain laster, txiste txarrak eta haiekin egindako irriak. Gazteleraz da oroitzen dudan bat: «Sube el telón y aparece King Kong, se baja el telón, ¿cómo se llama el país?». Eta bizitza jokoan bagenu bezala aritu ginen herrialdeen izenak erraten. Azkenean, txistea kontatzen zuenak soluzioa eman zigun: Mónaco. Gaur, aldiz, Monako nazio bat ote den eztabaidan hasi gara, printzerria dela, hiri-estatu bat... Gaueko gaiek beti dute segida goizean, bai behintzat berririk sortzen ez den artean.

Laguntzaileek esnarazi dute halako batean EHZ, eta larunbatari umoretsu ekiteko garaia da. Garroko gazteluan, Xerrenda gunean hitzaldiak daude, populu autoktonoak eta kolonialismoa, Jon Sarasua da hizlarietako bat, eta Mathieu Rigouste soziologoa bestea, hirugarrena ez dakit zein den, antza British Columbia unibertsitateko irakasle ezagun bat. Leku berean populu zapalduen bizipenak entzungai izanen dira gero, bazkalostean, Azawad, Kabilia eta Kurdistango ordezkarien eskutik. Baina eguerdian txarangak dabiltza zelaietan, eta giroa eguraldia bezain bero dago. Bazkaria eta ostekoa Igor Elortza, Sustrai Colinak eta Aitor Servierrek alaitu dute, jendea kalakan dabil, jolasean, eta haurrek ere badute txoko polit bat zaintzaile eta guzti. Eta musikaren agertokiak prest dira zarata ateratzen hasteko. EHZ on fire. Baina tenpesta agertu da halako batean, eta tamalez, eguzkiak hasi duena euriak bukatuko duela ematen du. Jaialdiak aurrera darrai hala ere, eta zuk lerro hauek irakurtzen dituzunean, igandean, azken eguna ospatuko du EHZk, elkartasunezkotzat ezagutzen dena, beraz, oraindik hurbildu ez bazara, oraindik baduzu parada. Zatoz.

Honi buruzko guztia: Udate