Xole Aramendi
Udate

Natura bera bidelagun

Inguruan dutenari erreparatzen diote. Naturari. Izadia inspirazio iturri baino bidelagun dutela esan daiteke. Sormen prozesuaren objektu izateaz gain, beren ibilbide artistikoaren lekuko ere badira mendiak, itsasoa edo harriak. Beti presente. Biek irekitzen diote leihoa naturari. Javier Valverdek bere olio lanetan islatzen ditu bere unibertso propioa osatzen duten ezinezko paisaia amestuak. Marian Indak, berriz, argazki kameraren bat-batekotasuna baliatzen du zuhaitzetan edo harrietan txikitatik liluratu duen itsas hondoa irudikatzeko.

Senpereko Larraldea etxe ingurua kolore berdez margotutako paisaia lasaia da udako lehen egunetan. Barrura sartu, lehen solairuko erakusgelen ateak zeharkatu eta zelaiaren berdeari okreak, horia, gorria, morea, urdina... gehitu zaizkio, paleta osatuz. Javier Valverderen zeruen urdina eta Marian Indaren itsasoen urdina.

Javier Valverdek (Donostia, 1956) euskal paisaia margotzen du. Betidanik erakarri du naturak. Gaztetan mihiseak eta margoak barruan sentitzen zuena espresatzeko bide ematen ziotela ikusi zuenetik.

Etxean bertan arnasten zen giro artistikoak ere izan zuen eragina. Horretan zalantzarik ez du. Umetatik ezagutu zituen aitaren lagun artistak etxean. Antonio aita margolaria, grabatzailea eta idazlea zen, Ayalde izenaz ezaguna. Antton anaia kantaria eta musikaria da, eta, Rosa arreba, berriz, margolaria.

Errealismoaren eta surrealismoaren, kontzientziaren eta inkontzientziaren mugan dabil etengabe Valverde. Bere unibertso propioa eraikiz. Aske. Artista bera ere harritu egiten da bere lan batzuekin aurrez aurre jartzean. «Zer nahasketa dut buruan...! Horrela izango naiz», bota du barre artean.

Naturaren edertasunak tokia du bere artelanetan, baina baita gizakiaren eskuak ere. «Gizakiaren txikizioa ere agertzen dut», dio. Horren lekuko dira han-hemen txertatzen dituen industria pabilioiak edo paisaiaren erdian eraikitako porlanezko zubiak.

Lehen paisaia zabalek hartzen zituzten mihiseak, baina fokua gero eta gehiago zehaztuz joan da, naturako elementu zehatzei gertutik erreparatuz. Bistakoa da koloreak bere lanean izan duen bilakaera ere. Hasierako urdin eta berde biziek okre koloreei egin diete leku; Kantauriko itsasertzak Nafarroako Erriberari egin dio tarte.

Bere ibilbide luzearen nondik norakoa garbi islatzen du uztailaren 6a bitartean irekita dagoen erakusketak. Olio margoak, pastelak eta «kaxak» ikus daitezke.

Olioa da bere teknika nagusia. Margolari surrealisten teknika erabiltzen du planoak gainjarriz ezinezko paisaiak sortzeko. Margoa orraztuz.

Olioz margotzean batzuetan sentitzen duen «loturak» esperimentazioari egin dio bide. Arnas luzeko artista izanik -«hilabeteak eta urteak eman ditzaket lan bat bukatu arte», dio-, gozatu egiten du bide berriak jorratuz. «Askatasuna ematen dit», aitortu du margolariak.

Bide berri horien emaitza dira kolorez betetako pastelak, zelulosaren gainean margotuz testura berezia hartzen dutenak. Paperak berak trama oso markatua du eta efektu berezia egiten du. «Oso azkar, di-da egiten ditut. Eskertu egiten dut pintzelak eta margoak alboratzea», esan du.

Baita «kaxak» ere. Bere lanean presente dagoen umorea inoiz baino ageriagoa egiten da. Collage eskultorikoak dira. Irribarrea marrazten zaio aurpegian haiei begira jartzen denean.

Larraldea etxeko gela nagusian olioak ikus daitezke, eta, ondoko aretoan, gainontzeko teknikak erabiliz egindako lanak. Beiraren azpian egindako argizariak ere badaude horien artean.

2005etik hona egin dituen artelanak daude ikusgai, gehienak 2008. urte ingurukoak. Labetik atera berria duen lan bat ere bada Senpereko erakusketan, etxean bertan duen estudiotik lehen aldiz atera dena. Oiartzunen bizi da aspalditik. Aiako Harriak ditu aurrez aurre.

Ez da hedabideon aurrean agerraldi publikoak egitearen zalea. Ezta bere obra erakutsi zalea ere. «Oso gaizki pasatzen dut. Biluztu egiten zara, nolabait. Baina gauza asko zuk bakarrik dakizkizu eta ez da beste inor horretaz ohartzen...», esan du, bere burua lasaitze aldera.

Arteak bizi du Valverde. «Margotzen ari naizenean ondo nago, aldiz, margotzen ari ez naizenean gaizki nago, nahastuta. Bakea ematen dit. Margotzeko aukera dudenean goizean jaiki eta eguna hasteko gogoa sentitzen dut», aitortu du.

Isabel Sagues Valverde iloba du alboan. Bidaide du azken urteotan, komisario lanak egiten. Osabaren sen artistikoa nabarmendu du. «Berezkoa du. Betidanik izan da margolaria eta beti izango da. Zintzotasun handia du, den bezala bizi da: margotzen, artea egiten; hori da bere bizitza», adierazi du.

Modu inkontzientean margotzen du. «Hurrengo koadroak nolakoak izango diren? Auskalo...», esan du. «Nire lanaren garapena erabateko inkontzientziaz bizi izan dut. Inoiz ez dut hurrengo lanean pentsatu», esan zuen behin, eta bide beretik jarraitzen du. «Batzuetan arrastorik ez duzu, beste batzuetan hasterako baduzu ideiaren bat. Batzuetan dena zikindu egiten dut eta koadroak berak erakusten dit bidea; inkognita hori bera interesgarria da», adierazi du.

1981. urtean egin zuen lehen erakusketa. Ibilbide luzea izan arren, hasiberria sentitzen da Valverde. «Besteek ez dakit, baina nik behintzat behin ere ez nuke esango ailegatu naizenik nahi nuen tokira. Ezta pentsatu ere!», argitu du.

Marian Inda (Pasai San Pedro, 1947) etengabe dabil itsasoaren bila. Hainbeste liluratzen duen itsas hondoaren bila. «Hor ikusten duzun harri hori, zuhaitz gainean dagoen liken hori... dena nahi dut itsas hondoa izatea», esan du argazkilariak.

Valverderen paisaia amestua bada, Indaren itsas hondoa ere txikitatik liluratu duen espazioa da. «Ez naiz sekula itsaspean sartu, baina bi aitonak eta aita arrantzaleak ziren, ia familia osoa itsasoari lotuta dago. Itsas kontuak oso barnean ditut eta oharkabean atera zait», kontatu du.

Erakarpena eta beldurra, biak batzen zaizkio. «Beldur handia ematen dit itsas azpian sartzea, badakizu, haurra nintzenean aita beti kanpoan zen, itsasoan...», kontatu du.

Urruñan du bizitoki azken urteotan. Donibane Lohizune inguruko hondartzak eta kala txikiak, Iratiko basoa.. ageri dira bere lanetan. Baita urruneko txokoak ezagutu nahian egindako bidaietako argazkiak ere: Marrakexeko banbu basoa, Granadako hondartzak edo Karibeko Martinika itsas ingurua.

Argazki kamera aspaldiko laguna du baina ez dira urte asko lan artistikoak egiten hasi dela. «Asko gozatzen dut. Izaera urdurikoa naiz eta gauzak di-da egin nahi ditut. Argazkilaritzak horretarako aukera ematen dit».

Ez da ausartu margoak hartzera. «Artea asko maite dut baina sekula ez naiz ausartu margotzera; erreparo handia ematen dit».

Margotu ez, baina irudiei koloreak «ateratzen» dizkie ordenagailuan. «Intentsoago egiten ditut: laranjak, horiak, moreak... Sumatzen dut koloreak hor, naturako elementuetan, daudela. Kolorea asko maite dut eta nire interpretazioa egiten dut. Hori bai, naturari errespetu handia diot, nahiko fidela da nire lana», kontatu du Marian Indak.

Orain lauzpabost urte erakutsi zituen lehen aldiz bere lanak publikoaren aurrean. Errenterian izan zen. Leihoak ziren protagonista han, Huescara egindako bidaian kameraz harrapatutakoak. Orduko argazki batzuk ere ikus daitezke orain Larraldea etxean.

Askeago ikusten du bere burua azkenaldiko lanen aurrean jarrita. Hasierako bertigoa galdu du.

Javier Valverderen eta Marian Indaren margoak eta argazkiak ostegunetik igandera daude ikusgai Senpereko Larraldea etxean, arratsaldez, 16.30etik 20.00era.

Larraldea, ateak irekita dituen kulturgunea

Senpereko Amotz auzoan dago Larraldea. XVII. mendearen hasierako (1615. urtea) dokumentuetan ageri da etxearen izena, beraz, XVI. menderako eraikia egongo zen.

Harri beltz eta grisez eraikita dago, dirudienez Amotz bertako harrobitik ateratakoak. Bertako estilo arkitektonikoari jarraikiz, aurrealdea asimetrikoa du. Adreilua eta egurra erabili zituzten lehen solairuaren gaineko aldean.

Andoni eta Marie Christine Iturriotzek 2000an erosi, guztiz eraberritu eta Senpereko «euskal kulturaren aterpe» bihurtu zuten. Ipar Euskal Herriko Bertsolari Elkarteak bertan du egoitza eta herriko taldeek ere zabal-zabalik dituzte ateak. X.A.

Honi buruzko guztia: Udate