Andoni ARABAOLAZA
Hormatzarrak | 8c graduko zailtasuna

Alex Megosek «The Fly» bideari puntu gorria jarri dio

Eskalatzaile gazteak Roger Schali eta enparauek zabaldutako 600 metroko marrarentzat 8c gradua proposatu du. Guztira hogei luze ditu eta gogorrenak 17.a (8b), 19.a (8c) eta eta azkena (8b+) dira. Megosek ia luze gehienak bistaz edo flashean egin ditu.

Nahiz eta lehen aldia ez den, kirol eskaladan muturreko zailtasunean dabiltzan espezialista batzuk gogor ari dira muturreko hormatzarretan ere. Ez da goraldia, baina onartu behar da gero eta eskatzaile gehiago ari direla salto hori ematen. Azkenetariko bat Alex Megos dugu.

Roger Schali alpinista suitzarrak GARAri adierazi dioenez, hilaren hasieran eskalatzaile gaztea «fitxatu» zuen esku artean zuen erronka bati amaiera eman ahal izateko. Eta, fitxaketak emaitza bikaina eman dio. Izan ere, Megosek «The Fly» bideari (Staldeflue, Suitza) puntu gorria jarri dio. Hots, era askean sinatu du. Berez marra hori Schalik berak eta beste kide batzuek ireki zuten 2006 eta 2009 artean, behetik zabaldu ere. Ondoren, kateatzeko saioak iritsi ziren.

Muturreko amaiera

Ekinaldi horietan behin eta berriz huts egin zuten, batez ere bidearen amaieran. Marraren giltza han zegoen. Hiru luzetan hain zuen ere: 17.a (8b), 19.a (8c) eta 20.a (8b+). Yosemiteko Kapitaina hormatzarreko «Golden Gate» bidea (5.13a) igo ondoren, Schali erronkan sartu zen Megos eta David Hefti lagunekin batera. Lanak hilaren 4an hasi zituzten eta 8an goitik atera ziren Megosek marra oso-osoa era askean igo ondoren. Soilik gogoratu behar dugu bistaz eskalatutako 8c zailtasuneko bideak ohikoak direla gaztearen jardunetan. Eta gogoratu behar dugu ere, Megos izan zela 9a bistaz sinatu zuen lehen eskalatzailea. Hori bai, protagonista honek baieztatu du «The Fly» dela eskalatu duen luze askotako lehen bidea.

600 metro eta 20 luze aurretik zituzten, eta eskalatzaile gazteak lehen aipatutako hiru luze horiek eta 8.a (7c) izan ezik, beste hamaseiak bistaz edo flashean sinatu zituen. Luze horiek ondo garbitu ondoren, alemaniarrak guzti-guztiak bigarren saioan igo zituen. Heftik eta Schalik, berriz, ezin izan zituzten luze guztiak askatu; azken hiru gogorrenak zintzilik geratu zitzaizkien.

Aurreratu dugun bezala, hormatzarrean hiru gau igaro zituzten; hain zuzen ere, bederatzigarren luzean antolatutako hamaka batean. Beraz, lau egun muturreko bide luze bat askatu ahal izateko. Oro har, bidearen zailtasuna oso iraunkorra da: 7b gradutik gora hamabi luze dira, eta, jakina, goiko aldean aipatu ditugun hiru gogorrenak daude.