Andoni ARABAOLAZA
Karakorum | Trangoko Dorreak, Gasherbrum IV, Masherbrum...

Helburu teknikoagoek arreta berezia hartu dute hasi berri den denboraldian

Nazioarteko alpinista entzutesu batzuek goi mailako erronkak dituzte zortzimilakoak ez diren Karakorumeko mendietan. Gasherbrum IV, Masherbrum, Trangoko Dorreak... dira, besteak beste, aukeratutako helburuak.

Karakorumeko mendiak hasi dira dagoeneko mendizaleen bisitak jasotzen. Beste era batera esanda, mendilerro horren denboraldia hasi da. Ohi den legez, K2, Broad Peak edo Gasherbrum I eta II bezalako mendietan, hots, zortzimilakoetan egingo diren jarduerek ikusmin handia izango dute. Alabaina, aurtengo denboraldian zirkuitu horretatik kanpo geratzen diren beste mendi txikiagoek zein teknikoagoek arreta berezia hartu dute.

Bai, beste urte batzuetan bezala, aurten ere nazioarteko goi mailako alpinista batzuek esku artean oso xede erakargarriak dituzte. Horietako batzuk aipatuko dizkizuegu. Hasteko, euskal alpinistei edo eskalatzaileei dagokienez, kazeta honetan aurreratu dizuegun bezala, bi helburu aipagarri ditugu. Horietako bat da Alberto Iñurrategi, Mikel Zabalza eta Juan Vallejok Paiju Peak mendian (6.610 m) dutena. Eta bestea, Alex Txikon eta Ekaitz Maizek, David Palmada katalanarekin batera, Trangoko Dorre Nagusian dutena. Lehen mendizaleak Pakistanen dira jada; besteak, berriz, uztailaren erdi aldera abiatuko dira.

Pakistanera bidaiatzeko asmoa zuten Thomas eta Alex Huber anaiek ere. Alemaniarrek Dani Arnold eta Mario Walderrekin batera Latok I mendia (7.145 m) xede zuten. Talde horrek igo gabe dagoen horma bat eskalatu nahi zuen. Hain zuzen ere, zazpimilakoaren ipar aurpegia. Baina azken orduan aldaketa erabakigarri bat izan da.

Huber anaiek adierazi dutenez, 2.500 metroko pareta hori eskalatzeko irrikatan zeuden: «Gogo handia genuen, baina, hango egoera dela eta, espedizioa bertan behera utzi dugu».

Masherbrum, bai

Azpimarratzekoa da ere Peter Ortner, Hansjorg Auer eta David Lamak Masherbrum mendirako (7.821 m) duten asmoa. Hirukotea dagoeneko girora egokitzen ari da, hurrengo urratsa zazpimilakoaren ipar-ekialdeko aurpegia lehen aldiz eskalatzea baita. Aurretik 3.500 metroko izotz eta arrokako hormatzar tentea izango dute. Lamak adierazi duenez, igo nahi duten marra iaz ikusi zuten: «Uste dugu aukerak baditugula. Estilo arinean eskalatuko dugu, eta, jakin badakigu, oso-oso zaila izango dela. Eigerreko ipar horma bezalakoa da, baina Cerro Torre goitik duelarik. Eta hori guztia ia 8.000 metroko garaieran. Pareta erraldoia da!».

Gasherbrum IV mendiak (7.925 m), bestalde, Hayden Kennedy eta Kyle Dempster estatubatuarren eta Urban Novak esloveniarraren bisita jasoko du. Trangoko Dorreetan eta Gasherbrum II mendian girora egokitu ondoren, mendiaren mendebal aurpegian bide berria sortzen ahaleginduko dira. Gogoratu behar dugu, aurpegi horretan soilik marra bat zabaldu dela; 1997. urtean espedizio korear batek eginikoa. Hain zuzen ere, beste espedizio korear bat Gasherbrum V mendiaren (7.147 m) lehen igoera absolutua egiten saiatuko da.

Azkenik, aipatu behar da Trangoko Dorreetan ere mugimendu handia izango dela.