Maider Eizmendi
Kazetaria
TXOKOTIK

Itzali behar diren garrak hauspotzen

Arratsa iluntzean, euri langarra hasi, eta lehorrean askozaz errazago piztuko ziren suen txinpartak apaldu zituen. Sugarrak hauspotzen egin beharreko lanak estutu ziren horrenbestez. Horretaz jakin badakigu, ordea, haurretan San Joan bezperarako suak egiten aritutako gehienok.

Auzo edota kuadrilletan egiten genituen guk suak eta aurreikuspen handirik gabe; egun batzuk arinago hasten ginen bazterretan bilatutako zakar guztia pilan jartzen. Zenbat eta handiagoa osatutako tontorra orduan eta harroago sentitzen ginen egindako lanarekin.

Sua piztutakoan sumatzen ziren batzuk eta besteek osatutako suen aldeak. Haiek kedarrak, haiek suaren itoak; haiek hasi orduko agortzen ziren suak. Txikiak handi batzuetan eta handiak, berriz, txiki. Denborarekin eta helduek emandako azalpenei arrazoia ezagututa, ikasi genuen suei oinarria sendoa egin behar zaiela, indartsu erre daitezen, eta tamaina handikoak izanagatik badirela sartzea merezi ez duten tramankulu edo gauzak.

Pasa den astean, bestelako suez eta hauspoez akordatu nintzen. San Joan suen prestaketak amaitzen ari zirela zabaldu zen-eta bolo-bolo Ministroen Kontseilu espainola abortuaren legea erreformatzeko proiektua onartzekotan zegoela -ostiralean emango ziotela balekoa aurreikusi zen, baina, ez zuen eguneko gai ordenan sartu azkenean-, Madrilen ere sua berriz pizteko ahaleginetan dabiltzala alegia, eta ahalegin horretan, oinarrian dagoen garrei berriz ere hauspo emango dietela. Izan ere, abortuaren legea defendatzeko erabiltzen dituzten arrazoi eta justifikazio gehienek apaltzen hasitako txinpartak indartzen dituzte, haiei indartsu haize eman.

Pizten ikasteko eman zizkiguten azalpenek suak itzaltzeko ere balio izan ziguten; horretan ere trebatu ginen. Suari apaltzeko haizea kendu behar zaio, arnasa ematen dion hori. Guztiz itotzeko oinarria ito, gainetik botatzen den urak ez baititu beti garrak itzaltzen; eta zaindu, itzaltzen ari den sua tentuz zaindu behar da, berriz ere hura hauspotu nahi dutenek lortu ez dezaten.