2014/07/02

Sortze bidean da Euskal Hedabideen Behategia

Kazetaritzan eta hedabideetan gertatzen ari diren etengabeko aldaketak detektatu eta interpretatzeko asmoz Euskal Hedabideen Behategia egitasmoa jarri dute martxan. Ikerketa, merkatu azterketa eta prospektiba izango ditu ildo nagusi. UEUn izan dute mintzagai.

GARA DONOSTIA
P042_f01

«Ezinbestekoa iruditzen zaigu erakunde bat izatea datozen aldaketa hauek guztiak interpretatzeko eta bidea aurkitzeko», azaldu zuten atzo Alberto Barandiaranek eta Alaitz Artolazabalek Udako Euskal Unibertsitatean eskainitako mintzaldian. Euskal Hedabideen Behategia sortzeko ahaleginean ari dira lanean. Aurretik ere egon dira saiakerak. Lehenengoa Euskal Herriko Unibertsitateak bultzatu zuen, baina ez zuen aurrera egin. Bigarrena, administraziotik abiatu zen, eta honek ere huts egin zuen. «Hedabideok bultzatzen ari gara hirugarren hau, unibertsitateekin eskuz esku. Espero dezagun honek aurrera egitea», esan zuen Barandiaranek.

Hekimen Euskal Hedabideen Elkartetik abiatu zen ideia, hain zuzen ere, euskal komunikabideen ardatzak zehaztu asmoz tresna bat izateko. Izan ere, azken urteetan izugarriak izan dira aldaketak, eta horregatik aztertu nahi dituzte teknologia berriak, globalizazioa eta espezializazioa, hedabideen kalitatea eta independentzia eta hizkuntzaren garapen eta normalizaziorako hedabideek daukaten papera.

Proiektuaren hiru ildo nagusiak ikerketak, merkatu azterketak eta prospektiba izango dira. Hedabideen joerak ikertuko dituzte eta aztertu nahi dute zer iker daitekeen eta zer ikertu den dagoeneko. Gainera, ikerketa lerro berriak planteatu nahi dituzte, «eta ikerketen emaitzak hedabideei transmititzen asmatu behar dugu», esan zuten.

Zentzu horretan, ikerketa oinarrizkoak eta aplikatuak bereizi zituzten. Merkatu azterketei dagokienez, «merkatua ondo zehaztea» beharrezkotzat jotzen dute, azterketa kualitatibo eta kuantitatiboak eginez. «Ez ditugu bakarrik datuak edo audientziak bildu nahi, kontsumo azterketak eta azterketa soziologikoak ere egin nahi ditugu».

Prospektiba dela-eta, «aurrera begira norantz joan behar dugun, zein izan daitezkeen bideak ezagutzeko eta zein ikerketa lerro posible dauden jakiteko ezinbesteko lerroa dugu prospektiba», adierazi zuten.

Oraingoz, harreman bat sortu dute; hedabideak, unibertsitateak eta administrazioa elkarlanean ari dira. Unibertsitatearen inguruan, «harremanak estutzeko ez da helburu makala», esan zuten; «batzuetan esan da unibertsitateen arteko harremana ez dela oso estua, baina orain egitasmo honen bidez, harreman bat sortu dugu horiekin». Administrazioaz, berriz, azaldu zuten eurekin harremanetan egoteko toki egokia dela behatokia, baina «ez dakigu zer puntutaraino nahi dugun bertan parte hartu, zalantzak sortzen dituen gaia da», azaldu zuten.