Xabier Izaga
Kazetaria
TXOKOTIK

Ni ez naiz, baina mundua badabil

Ni ez naiz irundarra eta, egia esateko, bost axola dit alardeak, baina emakumeek alardean zizparekin, aizkorarekin zein guardasolarekin desfileetan parte hartzea normala iruditzen zait. Eta, nire iritzia baino garrantzitsuago, eskubidea dute. Ez naiz irundarra, baina guztiz inozoa ere ez. Beharbada urte batzuk barru gaur egun alarde parekidean baino emakume gutxiagok parte hartuko dute, gaur egun emakume asko (eta gizon asko) bozkatzera joaten ez diren bezala. Batek daki. Baina nahi duenak parte ahal izango du Irungo alarde bakarrean. Orain dela mende bi, are joan den mendean ere, bakan batzuk baino ez ziren emakumeen botoaren alde borrokatu, eta emakume ugari ere aurka izango zuten. Orain inori ez zaio bururatu ere egiten esatea emakumeek ez luketela hauteskundeetan parte hartu behar.

Ni ez naiz politikaria, baina ez dago politikaria izan beharrik Madrilgo Gobernuko eta PPko arduradunak ez direla naturalak konturatzeko. Mariano Rajoyk Cristina Borbonen errugabetasuna aldarrikatu eta berehala, Maria Dolores de Cospedalek, apain-orrazia mugitu ere gabe, Pablo Iglesias Podemos taldeko liderrari Fiskaltza xaxatu zion, egunkari batek argitaratu zuen «informazioa» dela-eta. Guardia Zibilak emandako informazioagatik, alegia. Egunkariari eman zion eta epaileari ez? Edo epaileak barre egingo zuen beldur eman zion egunkari horri?

Ni ez naiz uztariztarra, baina uste dut euskara herri horretako hizkuntza ofiziala izendatu izana bidezkoa ez ezik, beharrezkoa ere badela, eta Estatuak Herri Kontseiluaren erabaki horri aurka egingo badio ere, argi geratu da uztariztarren borondatea; besteak beste, horretarako eman baitzizkioten bozka gehienak ezker abertzalearen zerrendari.

Ni ez naiz iruindarra, baina sanferminen hurbiltasunak, trumoia dakarrenean aziendak nola, artegatu egin nau. Ez daukat CAN izeneko mamuan sosik bat ere, baina iruindar eta nafar guztiei opa diet aurtengo sanferminak UPN instituzioetan dagoen azkenak izatea. Ni ez naiz arrantzalea, baina dagoeneko ohartu naiz iaz mundua harritu zuten bizardunak Nafarroaren etorkizun argiago baten iragarle direla.