Amets TXURRUKA
Caja Rural taldeko txirrindularia
Frantziako Tourra

Eklipsea

Munduko Futbol Txapelketak ingurua erdi blokeatua duen garai honetan, aurtengo lehenengo zutabea beroni erreferentzia eginez hastea beste erremediorik ez dut ikusi.

Nahiz eta larregi gustatu ez, zalantzarik gabe zalerik gehien duen kirola da futbola eta hedabideek ere begirik kendu gabe jarraitzen dute. Hala ere, behin futbol liga profesionala bukatuta, uda partean pedalei eraginez ogia irabazten dugunok ere, geure tartea izan ohi dugu. Uztaila txirrindularitzaren hilabetea izaten da. Urtean zehar txirrindularitzaren gaineko berriak gutxi samar izan ohi dira hedabideetan baina Tourra dela-eta, egunkarietako orrialdeak edota irrati-telebistetako minutuak betetzeko txirrindulariengana jotzen da urtero.

Aurten, mundu mailako kirol ekitaldi garrantzitsu bi hauek egun berberetan elkar hartuko dutenez, kirol-eklipsea izango dugu ikusgai. Eguzki, Ilargi eta Lurraren arteko lerrokatzeek aldian behin eskaintzen diguten fenomeno ikusgarriaren modura, lehiaketa hauek ere, bata bestearen aurrean jarriz, elkarri distira kendu edo emango diete.

Txirrindularitzan historikoki Tourrak indar berezia dauka, eta zirrara berezia eragiten du bai parte hartzaileengan eta bai zaleengan. Frantziako lasterketa hau parte hartzeko prestaketetan buru-belarri zentratuta dagoen kirolariak urtea uztailean hasi eta bukatuko balitz bezala igartzen du. Haren egunerokoak Tourraren prestaketaren bueltan egiten du jira eta hiru aste horietan gertatuko denari ahalik eta errendimendu onenarekin erantzuna emateko prest egotea obsesio ere bilakatzen da sarritan. Inguruan duen mundutik isolatuta egon ohi dira txirrindulari gehienak; entrenamendu, atseden, masaje, elikadura, ibilbide, baliabide material, baldintza meteorologiko eta abarrek betetzen dute txirrindulariaren osotasuna. Sarritan mundu errealean gertatzen denaren kontziente izateko zirrikiturik utzi gabe.

Guzti horretaz orain konturatzen naiz neu ere, Tourretik kanpo nagoen bi uztail hauetan. Munduak aurrera jarraitzen du; askorentzat, eguneroko errutinan murgilduta edo opor egunez gozatzen dabilen bitartean, eguerdi osteko siesta momentua baino ez da. Beste askorentzat, urte guztian zehar zain egon diren zita garrantzitsua.

Zutabe hau baliatuz, Markel eta biok saiatuko gara aurten ere Tour hau errealitate ezberdinetatik aztertzen, bata barrutik eta bestea kanpotik.