Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Aurten porran baietz!

Ekaitzak, zaparradak... tanta hotzak ederto ureztatu ditu Pirinioetako alde biak, iparraren hegoa eta hegoaren iparra, antzera. Muga artifiziala den seinale, mendiak benetakoak izanda ere. Ondorioz ur oldeak usu zabaldu dira maldan behera, batera zein bestera, errekak eta bazterrak gizenduz, ibaien bokaleak potolotzera heldu gabe. Kaleetan barrena ere egin du aitzina ur oldeak, tabernetan sartu-atera arinak eginez ere, bestelako sanferminak balira bezala. Ura hainbeste igo da non normala hartu behar den Iruñean arrantzaleek teilatutik aritu behar izatea. Hau kolpea! eskualde hori ohiko botere-guneen eskuetatik urrun geratuta Meteok berak hartu du oraingo erabakia, esan eta egin, Meteosat lekuko. Eta hara! auzolanean jardun dute bertokoek biharamunean hasita, urertzetik urrunekoak ere urgazle bihurtuta; gizarte batean auzolana funtsezko tresna dela agerian utzita, aparteko araudirik behar ez duena, gainera. Eta ez dakit zertara datorren hau baina komunean nagoela bururatu modura botako dut, gobernu-delegatu zer horiek jarriko ote dute helegiterik euskal zeruaren kontra, konstituziotik kanpoko euri-jasak baimentzeagatik? Kapaz! Amen.

Tira, harira! jakitun izan dira behintzat Pirinioetako lagunak, jausi zaiena ura izan dela jakitun izan ere. Zer ikusirik ez Kantauri ertzeko Muskiz inguraldeko lagunen kontuarekin, ondoko izen handiko birfindegitik zer jausten zaien jakin minean direlako. Gauzak honela azpiatala zabaldu beharko lukete Eguraldikoek hodeietatik jausten ez den mana antzeko horren berri emate aldera, Auskalaldia edo, prime time-an prefosta!. Eta bide batez Moises bera eraman Legebiltzarreko autogobernu ponentziara hizlari, Meteosaten egun berean izan liteke.

Total, Tourraren giroa bueltan udaren hasiera honetan! Eta horra, nonahi porra, Hilkutxabanken izan ezik! Aurten fisikoki ere prestatu naiz nire zerrenda osatzeko. Ez dut erraza izan, prestatzea diot. Eta nago ni aurten aukerak baditudala lagunei bazkaria zertan ordaindu ez izateko. Izan ere, aurreko urteetan zerrendako asko atariko erlojukoan jausten ziren, eta gero altxatu ez, baina aurten holakorik ez denez... Lagun batzuena bai ezjakina, ez du bada batek Hiriko aukeratu sprinterren artean! Ama, ama! eskalatzailea izanda!