Jendetza elkartu zen jaien hasieran preso eta iheslarien alde topa egitera

Itxura denez, aurten txupinazoan jende gutxiago zegoen. Ekaitz arriskua iragarrita zegoela izan daiteke horren arrazoia. Edo gaur askok eta askok lan egin behar dutela. Alabaina, presoen aldeko brindisean jendetza zegoela ukaezina da.
Ehunka lagun elkartu ziren, urtero bezala, Zumalakarregiren Atearen ondoan, aurten kartzelatik atera diren preso eta etxera itzuli diren errefuxiatuekin topa egitera. Jaiak hasi direla eta iaz Iruñean izaterik ez zutenak aurten badaudela ospatu beharra zegoen. Atzo lagun mordoa zen Estrasburgoko epaiaren ondorioz. Izugarrizko txalo zaparradak eta «euskal presoak etxera» oihu ozenak entzun ziren harrerako aurreskuaren ondoren.
Amaia Izkok eta Patxi Urrutiak gidatu zuten ekitaldia. Jaiegunetan Iruñean ez daudenen falta bereziki sumatzen dela nabarmendu zuten.
Horrekin batera, bai presoen bai iheslarien kolektiboak azkenaldian egin dituzten ekarpenen garrantzia ere azpimarratu zuten. «Izugarrizko traba eta oztopoei aurre eginez, bi kolektibo hauek momentu politiko orori zegokion bere ekarpena egiten jakin izan dute. Ekarpen hori beti erabakitasunez eta aurrera egiteko helburuarekin egin dute», adierazi zuten.
«Euskal Herriak bizi duen une erabakigarri honetan euskal preso eta iheslarien apustua eta prozesu politikoari egiten dioten aportazioa, berriz ere, garrantzi oso handikoa da eta izaten ari da. Izan ere, euskal jendartearen eskutik helduta prest agertu dira Euskal Herriaren bidetik pausoak emateko», azaldu zuten.
Egoera honen aurrean estatuek harturiko jarrera salatu zuten. Sakabanaketa ezin daitekeela mantendu azpimarratu zuten. Presoak etxetik milaka kilometrora segitzen dutela eta preso gaixoek espetxean segitzen dutela salatu zuten. «Senideak distantzia itzel horiek egitera behartzen dituzte astero, bisita soil bat egiteko», salatu zuten, eta jarraian senideei txalo zaparrada eskaini zieten.
«Duela 25 urte hasi zen sakabanaketa egun onartezina da. Onartezina da, era berean, preso gaixoak kartzela barruan mantentzea, euren biziarekin eta osasunarekin errusiar erruletan jokatzen ari dira. Ez dugu onartuko preso gaixoak, banaka-banaka, kartzelan hiltzea. Inola ere ez», esan zuten.
«Kalera, kalera» kanta ehunka ahotsek batera abesteak momentu izugarri hunkigarria sortu zuen Alde Zaharreko txoko horretan.
Lagun batek esan zuen moduan, «Eusko gudariak» kantatzen denean jendearen gogoak agertzen du une politikoa zer nolakoa den. Eta atzokoan ozen baino ozenago entzun zen Mikel Castillo hil zuten tokiaren ondoan.
Bestalde, aurki epaituak izango diren 28 gazteren aldeko ekimena ere egin zen atzo. Arranoaren ondoan photo call delakoa prestatu zuten. Helburua, batzuk kalera atera badira ere, beste batzuk espetxeratuak izateko arriskuan daudela islatzea zen.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»
