Ramon SOLA
UDATE | IRUÑEKO SANFERMINAK

Ingalaterrako 23 urteko gazte bat larri, berriz ere bularrean kolpea hartuta

Azkarra bezain lasaia izan zen bigarren entzierroa. Ziztu bizian ekin zioten aldapari Dolores Aguirreren sei zezenek, estu-estu, eta, kolpe batzuk eman zituzten arren, zauritu aipagarri bat baino ez zen izan: Nottingham-eko 23 urteko mutil bat, bularrean kolpe gogorra hartu zuena.

Bigarren egunez, bularrean jasotako kolpeak izan dira gertaera larrienak. Lehenengo entzierroan Aitor Gonzalez debarrari gertatu zitzaion tankeran, atzoko zauritu larrienak hemoneumotoraxa du. Nottinghameko gazte bat da, 23 urtekoa, eta «larritzat» jo dute bere egoera.

Horrez gain, 36 urteko iruindar bat eta 23 urteko japoniar bat eraman zituzten erietxera, baina batere larritasunik gabe. Lehenak kolpea hartu zuen aldakan, Telefonican, eta japoniarrak, aldiz, belaunean eta ukondoan, Mercaderes kalean. Inork ez zuen esango, Estafeta kalean batez ere hainbat korrikalari irauli zituztelako zezenek, bortizki.

Lasaitzeko moduko albisteak, beraz, abiadan joan zen lasterketaren ostean. Hasiera-hasieratik presaka zebiltzala erakutsi zuten adardunek; sei anaiek batera igo zuten Santo Domingoko aldapa, tropelean, joaldun baten laguntzaz.

Udaletxe plazan zorte handia izan zuen despistatu samar zebilen adineko korrikalari batek. Abere taldea aurrean topatu eta ihes egin ezinik geratu zen, baina justu joaldun bakarra pasa zen bere ondotik eta, zorionez, adarkadarik eman gabe. Zezena izan balitz, arriskutsua zirudien oso irudiak...

Estafetako bihurgunean kolpe ederra hartu zuten zezenek, baina bat baino ez zen atzean gelditu, eta honek ere aurrerago egin zuten lagunekin bat. Ilara ikusgarria osatu zuten Dolores Aguirreren ganadutegiko zezenek kale osoan zehar, adarrak batere astindu gabe, txintxo-txintxo, eta honelaxe heldu ziren beren azkenengo egoitzara.

Asteleheneko saioan zauritu zirenek hobera egiten dute. Orain arteko adarkada bakarra jaso duen Cascanteko 52 urteko gizona osatzeko bidean da. Urologia zerbitzuan da. Valentziako Vinalesa herriko 55 urteko zaurituari ebakuntza egiteko zain dago oraindik, hanka bateko tibian eta besteko peronean dituen hausturak direla-eta, baina hori ebakuntza gauzatu ondoren alta jaso lezake.