Amets TXURRUKA
Caja Rural taldeko txirrindularia
Tour

Patxi Gabika

Tarteka, Lekeition paseatzen edo bere taberna inguruan ikusten nuen Patxi Gabika, eta gure eskualdeko txirrindularirik esanguratsuena izan bada ere, halakoetan ohikoa izaten den modura, atzora arte ez naiz bere balentria guztien jakitun izan.

Kas eta Fagor talde mitikoetako txirrindularia izan zen 1961. eta 1972. urteen artean, 21 garaipen eta ohorezko postu asko lortu zituen. Espainiako Itzulia irabazi zuen 1966an, baina horrez gain 9 aldiz sailkatu zen lehendabiziko hamarretan itzuli handietan, munduko txapelketan ere 9. egina zen eta garaipen handiak lortu zituen Giroan, Voltan edota Euskal Bizikletan esaterako. Eta ez nolanahiko aurkariekin: Anquetil, Gimondi, Loroño, Bahamontes edo Merckx-ekin ibiltzen baitzen borrokan.

Jokatutako zazpi Tourretako batean, gogoratzen omen zuen Patxik bero handia egin zuen etapa batean, beroari aurre egiteko aza-orriak eman zizkietela kaskoaren azpian jartzeko. Hiru ordu pasatzerako, tabako-orri lehorren antza hartzen omen zuten.

Herriko helduek atzo sentitu zuten haren heriotza. Batek kontatu zidan nola behin lapurtu zioten Giroko garaipena. Amorru aurpegiz kontatu dit, Giroko bigarren postuan zela Tre cime di Lavaredo mendatea igotzen aurrera egin zuela garaipenaren bila, baina behe-lainoa edo izotza tarteko, zenbait txirrindularik moto eta kotxeen laguntzaz igo omen zutela mendatea eta lasterketako epaileek etapa baliorik gabe utzi omen zutela, Patxiren zorigaitzerako.

Ispasterko ilehoriak, inoren laguntzarik gabe igo zuen, eta bere zuzendari zen Langarikaren esanetan, Giro hura irabazita zuen igoera horrekin, baina lapurretan egin zieten. Kontatzen ari zitzaidan bitartean ohartu nintzen, isilean pasatu direla Patxiren lorpenak gure belaunaldikoentzat. Bere izaeraren antzera, arrakasta handiak lortu arren beti umil.

Garai haietan, Tourreko biharko antzeko etaparik balego, ez zuketen gaurko moduko prestaketa berezirik izango harbideetan zehar pasatzeko. Izan ere, Markelek aipatu dit bihar beste bizikleta batekin abiatuko dutela etapa, harbideetan erosoago moldatu daitezen. Kirioak dantzan izango dituzte taldeetako mekanikariek. Ardura handiko lana daukate biharko bizikletak puntuan jartzen. Errepidearen ezaugarri bereziaz gainera, eguraldiak ere ez omen du asko lagunduko eta etapak berak izango duen tentsioaz gainera, tori hori!

Hasierako etapa gutxi hauetan, gauza on asko ikusi ditugu. Inork gutxik espero zezakeen ikuskizuna ikusi da edizio honetako lehen puntu berora heldu aurretik. Bihar ere, etxeko sofan siesta handiegirik ez botatzeko moduko etapa datorrela iruditzen zait. Animo txirrindulariei eta besarkada bat Patxiren etxekoei eta ingurukoei.

Honi buruzko guztia: Tour