Markel IRIZAR Trek taldeko txirrindularia
Frantziako Tourra

«Kaixo maitxia»

Aspaldi ez dugu elkar ikusi. Urtean behin elkartzen gara. Paris-Roubaix-ko astean egoten gara elkarrekin bakarrik. Gaur berriz elkartu garenean, esan dit: kaixo, aspaldiko. Zelan dena etxe aldean? Nola daude Xabat, Aimar eta Unai? Eta, zer dio amak?

Aspaldi elkar ikusi ez duten anaien edo aita-semeen arteko solasaldia izan zitekeen, baina nire Roubaix-eko bizikleta eta nire arteko etapa aurreko kontuak dira. Nire «domane»-ak (klasiketako nire bizikletak) berehalakoan galdetzen dit. Ze asmo duzu gaurko?

Eta nik erantzuten diot: amari arriskurik ez dudala hartuko agindu diot, baina taldeak Fabianekin egon beharrean, Haimarrekin egoteko eskatu dit. Gainera, Maria Jesusi (Haimarren amari) bere semea lagundu eta zainduko nuela agindu nion; beraz, amari agindu diodana ezingo dut bete: asko arriskatu beharko dut.

Nire «domane»-ak gauza bat esaten dit orduan: mesedez, azkenekoz baino hobeto zainduko ahal nauzu? Eta nik, ezin dizut nire hitza eman. Gaur izugarrizko borroka egongo da, superbibentzia kontua izango da.

Eta horrela, aurrenekoz, Roubaix txiki honi ekin diot euria zela medio. Inoiz baino arriskutsuago zegoen, baina ikaragarri gozatu dut. Gurpil eta galgekin oso «seguru» sentitzen nintzen, eta Haimarrekin egon ahal izan naiz, 10 kilometroren faltan nire kateak aski dela esan duen arren.

Helburua etapa irabaztea zen, eta ez dugu lortu. Haimarrek nahiko ondo libratu du eguna, eta kateak aguantatu izan balu, denbora gutxiago galduta egongo zen segur aski. Egun zoroa izan da; akaso, ez litzateke horrelako etaparik izan beharko Tourrean, baina Xuberen bizkartzain lana egiten ikaragarri gozatu dut.

Nire amari eman nion hitza ez dut bete. Kontuz ibiltzeko esan zidan, eta erori ez naizen arren, kurba bakoitzean dena emanda ibili naiz. Sikiera, Haimarren amari agindu niona bete ahal izan dut eta bere seme zaharrena zaintzeaz arduratu naiz kateak «botata» utzi nauen arren.

Azkenik, nire domane maitea, barkatu beste behin horren gaizki tratatu zaitudalako. Egia da, akaso goxoago izan beharko nuela zurekin. Egia da gaur 10 kilometroren faltan «nahikoa da» esan didazula, baina jakizu, zure gainean ikaragarri sufritu dudan arren, ikaragarri maite zaitudala eta, txirrindularitza utzitakoan, zurekin apirilean nuen hitzordua faltan botako dudala.

Akaso, lasterketa bukatuta ez dizut ezer esan, baina maite zaitut. Hurrengo urtean ere, bizikleten «Dakar»-era elkarrekin joango gara gustu baduzu, eta zin dagizut merezi duzun bezain ondo zainduko zaitudala.

Ordura arte, zaindu zaitez txikitino, asko maite zaitut eta!!!