Arauak

Kanpotik etorri garenontzako araurik gabeko deszibilizazioa dirudi, hasieran, baina arauak daude. Aldez aurreko arauak: opor aurreko lan saldoari zentzurik ez duten beste batzuk gehitzea, sukaldeko lauzak garbitzea edo urte osoan izorratuta eman duen trastea konpontzea. Bezperako arauak: Munduko Errekadu Guztiak Operazioaren azken orduetan krisiren bat izatea, sanferminalipsiak haginak zorrozten dituen bitartean. Ikastolako ibilaldia daukaten eskola umeen modura ohera sartzea, arauak ulertzen ez dituzten atzerritarrek kalean egiten duten zaratagaik kexu. Ez ote dakite kaosak ordutegi bat duela, elkarrekin itxarotea jaiaren liturgia dela? Uztailaren 6rako baino balio ez duten arauak ere badaude: norbaitek, uneren batean, zure eta bere intimitatea adarkadaz zulatuko du, gorrotu zintuela aitortuko dizu, institutuan zurekin maiteminduta zegoela, 16 urterekin egin zenion ez dakit zergatik haserretuta jarraitzen duela; eguneroko bizitzako hipokresia zibilizatzaileak komunetik behera jaurti eta lekuz kanpoko esaldi kamikazeren bat botako dizu. Ez dirudien arren, beste arau bat jarraitzen ari da: esaten ez direnen zezenak kalera ateratzen, badakielako jaiak pasata amnesiarako tiketak banatzen direla, Iruñeak existitzen jarraitu ahal dezan. Komunerako ilaran entzun nion, duela pare bat urte, saman zilarrezko gurutzea zeraman neska bati: «Uztailaren 6an nik ahaztu egiten dut Jainkoa dagoenik eta Jainkoak ahaztu egiten du ni existitzen naizenik».
Egongo dira arau estuagoak, berriagoak, inbisibleagoak; hertsagarriak edo askatzaileak. Arau gorena, ez dagoela guztiontzako balio duen araurik. Jai unibertsalena eta horrelakoak entzuten dira maiz baina ez da jaia, jaiak dira. Sanfermin asko daude, batzuk santuagoak, besteak mingarriagoak. Desmasian bizi daitezke, ajeari ere lekurik egiten ez dion alkohol aparretan, speed surfa, uztailaren 6tik 14ra edo... 15era. Beste batzuei entzun diet, azkenaldi honetan, neurrian bizi behar direla, gehiegikeri guztien zuloetan erori gabe. Sanfermin guztiek dute lekua.
Oin-ohar bakar bat, soilik: kontuz besteen aukerak zure arauekin neurtzeari. Akordatu beti, erraila denontzako estutu behar dela uste baduzu, ondokoari mugitzeko eskatzen diozu. Kalea zabala bada, ostera, bakoitzak bere bidean jarrai dezake, desmasiaren jainkoak gurtzen ari direnak zein kaosaren piztiei eusteko goizero-goizero hesia jartzen dutenak.

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
