UDATE BETE

Merenderoak: Guardiako Berberana

Irailaren lehendabiziko larunbata iristearekin batera ospatzen dute Guardia eta inguruetako herriek Berberanako erromeria, izen bereko ermitan, Kantauri mendizerraren magalean kokaturikoan.

Ermita ondoko zelaietan naturarekin bat egitera eta eskaintzen diren ekintzez gozatzera hurbiltzen dira herritar asko. Kuadrilla horretan ospatzen den azken festetarikoa da Berberanakoa; gogoz hartutakoa, hortaz. Ermitan egindako meza batekin ematen zaio hasiera egitarauari, eta jarraian ekintza ludikoagoak egiten dira; umeentzako puzgarriak, txingak, edota txapel jaurtiketa, esaterako.

Gainerakoan ere, egun pasa joateko aukera ezinobea eskaintzen du atsedengune honek. Etxetik eramandako jana prestatzeko suak daude prestatu, bai eta prestatutako hori eroso jateko mahaiak ere.

Etxeko txikienen beharrei bereziki erantzuten dien gunea da honako hau, jolas daitezen makina bat baliabide dituztelako. Gora eta behera ibiltzeko sokak, kolunpioak...

Landa gunean egonagatik erosotasunik ez da falta gune honetan; iturriak eta komunak ere topatuko dituztelako bertaratzen direnek. Ibilgailua uzteko zailtasunik ere ez da, merenderoan bertan aparkalekua dago eta.

Nola ailegatu

Herrigunetik: hiru kilometrora kokatuta dago, Sotilloko dolmenetik oso gertu. Herrerako mendatea jaitsita, ezkerrera Guardiara doan A-124 errepidea hartu behar da.

Datuak: Egun-pasa joateko belardia, eserlekuak, iturria eta komunak daude. Haurrentzako jolas parkea ere badago.