Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Hilkutxan sartu eta gero, «Live!»

Esatarien esanetan udazkena ematen duen uda hasiera honetan hodeiak nonahi metatzen dira, eta lainoak trinkotu, eguraldiaren motel eta freskoa sentiaraziz, euri-jasa ederrak tarteko, haizeak orain ipar ukituaz orain hego ukituaz, giroa noiz goxatuko... goxo kontuan nork bere eguraldi nahia lehenetsi arren. Edozelan ere denbora aurrera doa, eguraldia bat edo bestea izanda ere. Ez dago denborari muga jarriko dionik, ditxosozko innobazio zer horretan aparteko inbertsioak eginda ere; uraren ordezkoa asmatzea bezalako antzua litzateke. Beharbada horrexegatik egongo ziren horretarako gertu teknokrata batzuk, denbora galeraz beteta ere denbora baterako ospea lortuko zutelakoan, gerokoak geroko utzita. Hiriko gogoan! Landako izan balitz sikiera!

Tira, denboraren harira! Denbora berez pasatzea ona da, gure mugak onartzera behartzen baikaitu; bestelakoa da, ostera, denbora hori zertan ematen duten batzuek eta besteek. Hara! gaur amets egin dut, ia gauero egin legetxe, baina gaurkoa apartekoa izan da benetako amesgaiztoa esnatzean izan dudalako. Ametsean Gazako hondartzan jazzaldiak ziren, han ere uda denez, eta pailazoak kalean umeen inguruan, batean zein bestean eguraldiaren beroa goxatuz, etxafuego eta bolanderen artean. Baina esnatzean jakin dut benetako suak zirela, suzirikoak, sute sortzaile; jazzaldi arrastorik ez, eta pailazoak handik urruneko aginte mahaian. Gazako Zerrendan zerrenda luzatuz doa, hilotzena. Alde batetik eta bestetik botatzen dituzte suziriak, baina alde batekoek baino ez dute beste aldekoek jaurtikitakoak gelditzeko teknologiarik. Hortaz, ez da munduan gerra bidegabeagorik berdinen artekoa ez dena baino. Odola dario zerrendari.

Bitartean hemen, ohiko patxadan, udan udakoaz. Kontzertuen garaia! Ez dute ba jeltzaleek berpiztu kontzertu politikoarena! Beheko Estatuko hiriburuko sasi-hondartzan egin ere, hemengo ponentzian barik, esanguratsua! Kapaz dira esateko sarrera doanekoa izango dela... eta gero irteeran kobratu! Hori gutxi izan ez eta hemen ere kontzertua, BBK Live! Delitua gero, Hilkutxabank sortu eta gero! Pernilarena etorri zait burura, txerria hil ostean bera ondu nahi. Ama, ama! jeltzaleen korapilo bakarra ez da Bergarako AHTrena! Ez horixe! Amen.