Jon LEUNDA
Harri-jasotzea | Nafarroako finala

Unai Bertizek arazorik gabe eutsi ahal izan dio txapelari

Sunbillakoa jaun eta jabe izan zen hiru harriekin, eta bigarren geratu zen Urrutiari sei jasoaldiren aldea kendu zion. Ariztegi sailkatu zen hirugarren.

Ez zen inongo ezusterik egon, eta Unai Bertizek irabazi zuen atzo Iruñean jokatu zen Nafarroako finala. Bakoitzak 125 kiloko kopa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100eko bola erabili zituen, eta bi minutuko txanda izan zuen bakoitzarekin lanean aritzeko. Berriro ere jendetza batu zen finala ikusteko asmoarekin.

Unai Bertizek proba guztiak irabazi zituen. Koparekin hasi ziren lanean, eta Sunbillakoak 20 aldiz berdindu zuen bizkarraren gainean. Atzetik, berdinduta geratu ziren Urrutia eta Ariztegi, bakoitzak 18 jasoaldi lortu baitzituen. Beraz, lehen harriarekin txapela nora joan zitekeen bakarrik ikusi zen, beste bi postuetarako gauzak estu eta larri geratu baitziren.

Bigarren harriarekin berriro ere Bertiz gailendu zen, 13 aldiz jaso baitzuen kubikoa, eta bat gutxiago jaso zuen Urrutiak. Azkena sailkatu zen Ariztegi, 10 jasoaldi bakarrik lortuta. Beraz, horrekin txapela nora joango zen nahiko garbi geratu zen, eta bigarren postua ere finkatzen hasi zen.

Azkeneko harriarekin ere ez zen ezusterik egon, eta berriro ere Bertiz izan zen onena. 16 jasoaldi eman zizkion bolari, eta horrekin txapela segurtatuta utzi zuen, atzekoak nahiko aparte geratu baitziren. Urrutiak ere bigarren postua nahiko seguru zeukan, baina badaezpada hori ere segurtatu egin zuen 13 jasoaldi lortu baitzituen, eta azkena geratu zen Ariztegi, 10 aldiz harria bizkarrean berdinduta.

Atzo jokatu zen baita ere Nafarroako emakumezkoen txingako finala, eta ez zen ezusterik izan, Sousak irabazi baitzuen, eta gainerakoei sekulako aldea kenduta. 25 kiloko txingak esku banatan hartu, eta 47 plaza eta 0,92 metro egin zituen. Almandoz sailkatu zen bigarren, eta berak 11 plaza, 1/4 eta 2 metro egin zituen; eta Sorondok 11 plaza eta 5,50 metro egin zituen.

Mutilen lasto-altxatzen, Telletxea gailendu zen 12 jasoaldirekin, eta Landaribarrek, berriz, 9 jasoaldi lortu zituen.

Azkenik, Iker Vicente aizkolariaren erakustaldia izan zen, eta berak bakarrik 60 ontzako sei enbor moztu zituen, eta guztira 18 minutu eta 4 segundo behar izan zituen.

Binakakoa

Gaur ere jaialdia izango da 12.00etatik aurrera, eta bertan txapelketa ugari erabakiko dira. Erakargarriena binakako aizkolarien finala izango da. Nazabal eta Saralegi, Rekondo eta Erasun, eta Lopez eta Donato Larretxea lehiatuko dira. Gainera, Nafarroako orga-jokoko finala ere jokatuko da, eta hiru partaide izango dira bertan.