J.L.
sokatira

Gaztedi A taldeak irabazi du denboraldiko hirugarren txapela ere

Gaztedi A taldeak irabazi du denboraldiko hirugarren txapela ere. Herenegun jokatu zen 600 kiloko azken saioa, eta Laukizko taldeak ez zuen hutsik egin. Nahikoa zuen Goiherri A taldearekin, bere aurkari zuzenarekin berdintzea, eta horixe egin zuen, eta horrek txapela eman zion.

Jende guztia Erandiokoen eta Laukizkoen arteko demaren zain zegoen, eta amaieran berdindu egin zuten. Berdeek irabazi zuten lehen tiraldia, baina gorriek bereganatu zuten bigarrena, eta amaieran berdinean geratu ziren, gainerako tiraldi guztiak irabazi egin baitzituzten.

Hirugarren postua ere ez zegoen erabakita, eta hor zeuden Mutriku eta Gaztedi B aukerekin, nahiz eta azken hauek zeuden aurretik. Bi faboritoekin galdu egin zuten, gainerakoak mendean hartu zituzten, eta amaieran beraien artean berdindu egin zuten, eta horrek Gaztediren bigarren taldea utzi zuen podiumeko postuetan.

Goiherri B sailkatu zen bosgarren postuan, aipaturiko lau taldeekin galdu eta Gaztedi C eta Getxo mendean hartuta. Gaztedi C izan zen jardunaldian seigarren postuan, Getxori bakarrik irabazita, eta azken hauek itxi zuten eguneko sailkapena tiraldi guztiak galdu ostean.

Euskal Herriko Txapelketa amaitzeko maila bat besterik ez da geratzen, eta hori datorren astetik aurrera hasiko da. 580koa izango da, eta han 600ekoan aritu diren talde berak neurtuko dira.

Garbi dago aipaturiko pisu horretan ere dema Goiherriren eta Gaztediren artean egongo dela. Oraingoz Laukizkoek dena irabazi dute, eta presioa Erandiokoek izango dute, oraingoz ezer irabazi gabe ekingo baitiote azken pisuari.