Jon LEUNDA
Harri-jasotzea | Errebantxa

Izeta III.a eta Ostolatza berriz ere aurrez aurre

Aiarrak eta zestoarrak sekulako ikuskizuna eman zuten orain dela bi asteko Gipuzkoako finalean, eta orain berriro elkarren aurka arituko dira Alegian.

Aldaketa batzuekin etorriko da aurtengo Alegiako Txintxarri sariketa. Azken urte hauetan torneoak izan dira, baina aurten formatuz aldatuko dute. Hasiera batean marken eguna izan behar zuen, baina Aimar Irigoien ez dago aritzeko moduan, eta horrek aldaketa batzuk ekarriko ditu bihar arratsaldean Larraitz auzoko plazan 18.30ean jokatuko den ekinaldian.

Aimar Irigoien zen aritu behar zuenetako bat. 137,5 kiloko kubikoarekin marka egin behar zuen berak, bost minutuko txanda batean, baina errezildarrak arazo fisiko batzuk ditu, eta, badaezpada, horiek ez handitzeko atseden hartzeko gomendioa egin dio sendagileak eta ez da Alegian arituko.

Horren ordez ekitaldi oso ederra jarri dute: Joseba Ostolatzaren eta Izeta III.aren arteko desafioa. Orain dela bi aste jokatu zen Gipuzkoako finala eta sekulako ikuskizuna eman zuten bi hauek. Izeta III.ak doi-doi irabazi zuen, baina oso alde txikia izan zen bien artean, eta final horren errebantxa antolatu dute.

Kirolari bakoitzak 125 kiloko kopa, 112,5ko kubikoa eta 100eko bola erabili beharko ditu, eta lanerako hiruna minutuko txanda izango dute harri bakoitzarekin. Aimarren hutsunea handia da, errezildarrak jendetza erakartzen duelako, baina bera ordezkatzen erabat asmatu dute antolatzaileek, final ikusgarria eskaini baitzuten aiarrak eta zestoarrak, eta jendeak berriro ere gustura ikusi nahiko duen neurketa da.

Gipuzkoako finalean Joseba Ostolatza zen faboritoa -han ere Aimar Irigoienek ezin izan baitzuen parte hartu-, baina Izetak aurrea hartu zion. 125 kiloko kopari 30 jasoaldi eman zizkion Izeta III.ak eta bat gutxiago emanda konformatu behar izan zuen Ostolatzak.

Kubikoarekin gauzak aldatu egin ziren, Ostolatzak lortu baitzuen aldea, nahiz eta berriro ere jasoaldi batekoa bakarrik izan. 21 aldiz berdindu zuen bizkarrean kubikoa Ostolatzak eta bat gutxiago eman zuen aiarrak.

Bolarekin egin zuen zuloa Aiako kirolariak. 26 jasoaldi lortu zituen eta bat gutxiago Ostolatzak. Guztira 8.600 kilo jaso zituen Izetak, 76 jasoaldi eginda. Ostolatzak 8.487,5 kilo jaso zituen eta 75 jasoaldi lortu ahal izan zituen kirolari zestoarrak.

Esnaola

Marka saialdia egingo duena Joseba Esnaola izango da. Berrobiko gazteak 220 kiloko errektangularra berdindu nahi du bizkarrean bost minutuko txanda bakar batean. 215ekoa jaso zuen orain dela hilabete pare bat, eta hiru aldiz. Maila handia erakusten duen kirolaria da, eta gauzak asko okertzen ez badira, Berrobikoak bere marka lortu ahal izango du.

Joseba Otaegik eta Eneko Saralegik ere norgehiagoka berezi bat izango dute

Harri-jasotzeaz gain, aizkorako desafio berezi bat ere jokatuko dute Joseba Otaegik eta Eneko Saralegik. Azken honek bost metroko altueran jarritako enbor bat moztu beharko du, bueltan metro bat duena, eta Joseba Otaegik, aldiz, 80 ontzako enbor bat ere erdibitu beharko du.

Tamaina horretako enborrak ia ez dira plazetan ikusi ere egiten, baina Zizurkilgoak hori egin beharko du. Iaz arazo fisiko ugari izan zituen, baina dagoeneko erabat osatuta eta lesioa ahaztuta dago, eta hori aizkorarentzat oso berri ona da. Gainera, Saralegik aizkora esku bakarrarekin hartuta ere moztuko du enborra. J.L.