Mick Fanning garaile: Australiarrak nagusitu dira aurten Jeffreys Bayko olatu bikainetan
Mick Fanning beteranoak Joel Parkinson garaitu eta Jeffreys Bay 2014 irabazi du. Ranking orokorrean Gabriel Medina brasildar gazteak jarraitzen du buru oraindik, baina lehiakide australiarrak lehen postuak eskuratzen hasi dira WCT itzuliko seigarren probaren ostean.

Beste behin ere ikuskizun itzela izan da Hegoafrikako Jeffreys Bay eskuin olatu famatuan. Mick Fanningek irabazi du bere lagun mina den Joel Parkinson garaitu ostean eta ranking orokorrean aldaketa nabarmenak izan dira.
Gabriel Medinak rankingean buru jarraitzen duen arren, australiarrak nagusitzen hasi dira lehen postuetan, eta brasildarrek berriz, behera egin dute azken txapelketaren ostean.
Jeffreysen brasildar eta australiarren arteko lehia agerian geratu zen, izan ere, final-laurdenetan brasildarrak eta australiarrak bakarrik zeuden. Gainerakoak, postuak irabazteko baino postua mantentzeko lehiatzen ari zirela zirudien.
Brasil VS Australia
Sekulako itsaskia izan zen pasa den larunbatean Jeffreys Bayn. Aspaldi gogoratzen den olaturik handienak izan ziren eta lehiakideek lan handia egin behar izan zuten txandak irauten zituen 35 minutuei ahalik eta etekin gehien ateratzeko.
Erreka haizeak gogor orrazten zituen J-Bayko eskuin olatu luzeak, eta horrek are eta zailagoa bihurtzen zuen olatua behar bezala surfeatzea, baina bestalde itzelezko ikuskizuna ere eskaintzen zuen, zeren olatuei forma borobila ematen ere laguntzen zien.
Final-laurdenekin hasi zen eguna. Bost australiar eta hiru brasildar buruz buru, haien artean Gabriel Medina, ranking orokorreko burua. Norbanako lehia baino, herrialdeen arteko norgehiagoka zirudien hark.
Goofy VS Regular
Finalerdietan, lau australiar: Joel Parkinson eta Mat Wilkinson batetik; eta Mick Fanning eta Gabriel Medina kaleratu zuen Owen Right lehiakidea bestetik. Lehiak, bestelako kutsua hartu zuen, «goofy» (ezker surflari) eta «regular»-en (eskuin surflari) arteko disputa zirudien, eta azkenean regularrak nagusitu ziren, Fanning eta Parkinsonek egin baitzuten aurrera.
Jeffreys Bayko olatuan ezker edo eskuin surflariak (goofy edo regular) hobeak diren sarri eztabaidatzen da, eta pausa bat izan zen eztabaida horri lekua emateko. Surfaren historian J-Bayn izan diren bi surflari onenak izan ziren buruz buruko txanda batean, Tom Curren, regularrak ordezkatzen eta Mark Occhilupo goofyen ordezkari gisa.
Bi surflari handi hauen arteko txanda ikaragarria izan zen. 50 urte izan arren, sekulako ikuskizuna eman zuten eta Tom Currenek gainera, txapelketa osoan ikusi zen olaturik onenetako bat egin zuen. Hamar puntuko tuboa egin zuen kaliforniarrak eta australiarra garaitu zuen. Beraz, regularrak nagusi.
Parko VS Fanning
35 minutuko bi txanda egin eta atsedenaldi labur baten ostean, berriz ere prest ziren Mick Fanning eta Joel Parkinson beren onena eman eta Hegoafrikako titulua eskuratzeko.
Sasoi ezin hobean dauden atletak direla frogatu zuten bi lehiakideek, zeren J-Bay bezalako leku batean hiru txanda jarraian egiteko itzelezko gaitasun fisikoa behar da.
Izan ere, J-Bayn olatua amaigabea da, metro asko eta asko egiten dituzte surflariek olatu gainean eta berriz ere urautsira itzultzea zinez nekagarria da. Larunbatean, batzuetan, haitzetatik kanpora atera eta korrika abiatzen ziren hondartzatik lehiakideak barruratzea urautsitik gertuago egin ahal izateko. Beraz, arraun eta korrika egin behar izaten zuten etengabe.
45 minutu iraun zituen finalak eta Mick Fanning nagusitu zen hasiera-hasieratik. Parkinsonek ez zuen olatu aukeraketan asmatzen, olatu handiegiak hartzen zituen, hiru metrotik gorakoak eta hauek ez ziren behar bezala borobiltzen. Fanningek ordea, olatu txikiagoak hartzen zituen, baina borobilagoak, eta tubo bikainak egin ahal izan zituen.
Oso ongi marraztutako birak, olatu handiak, tuboak eta surf klasikoa bere onenean, ikuskizuna ezin hobea izan zen, eta azkenean Mick Fanningek irabazi zuen. Epaileak oso zorrotz aritu ziren, ez zuten hamarrekorik ematen, baina hala ere Mick Fanningek bederatziko bat eta zortziko bat lortu zituen. Parkok berriz, ez zuen 7,43 puntu baino gehiago biltzea lortu.
Oholtzan beraz, bi lagun handi izan ziren, eta uretan arerio arriskutsuak badira ere, kanpoan lagun minak izaten jarraitzen dutela erakusten duen besarkada luzea eman zioten elkarri.
Biak batera hasi ziren surfean, hondartza berean, elkarte berean. WCT tourrean ere antzeko, jada 13 eta 14 urte daramatzate lehian, eta aurten ere titulu mundiala eskuratzeko aukera asko izan dezakete; izan ere, txapelketa honen ostean ranking orokorreko bigarren eta hirugarren postuak lortu dituzte. Ikusteko dago aurrerantzean zer gertatzen den.
Aurtengo WCT zirkuitua amaitzeko oraindik bost txapelketa falta direnean, lehen postuan Gabriel Medina aurkitzen da eta bere atzetik, bigarren, hirugarren eta laugarren postuetan hiru australiar dira, Joel Parkinson, Mick Fanning eta Taj Burrow.
Ranking orokorrari forma emango dion hurrengo txapelketa Tahitin izango da, Teahupooko ezker olatu beldurgarrian, abuztuaren 15 eta 26 artean.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

Eztarriak gabonetarako prest, ura bere bidean-ekin

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea
