Federazioak akatsa onartu eta Esnaola jo du txapeldun
Aiako finalean txapela jaso zuen Juanjoxe Lizasok orain helegitea jartzeko aukera izango du.

Pasa den uztailaren 13n Aian jokatu zen Gipuzkoako finala Juanjoxe Lizasori eman zioten irabazitzat, Esnaolari 13 kilo kenduta. Epaileek akats bat egin zuten, ordea; izan ere, Igor Esnaolak ebaki eta pisatutako sorta bat ez zuten batu, eta hori kontuan hartuta, Legorretakoak izan behar zuen txapelduna.
Akats horretaz jabetuta, eta gauzak garbi daudela ikusirik, orain Gipuzkoako Federazioak Aian bertan izan zuten akatsa zuzendu eta txapelduna Igor Esnaola dela ziurtatu du, eta ondorioz, Juanjoxe Lizasori ematen dio bigarren postua.
Segalariek bost egun dituzte helegiteren bat jartzeko. Hori gertatu ezean, jarraian izango litzateke txapela Legorretakoarentzat, gainerakoan, eta helegiterik balego, prozesu hori guztia amaitu arte ezin izango da erabakirik hartu.
Orain ikusi beharko da arazo honek nolako bidea hartzen duen. Asteasuko segalariak federazioaren akatsa onartu eta bere horretan uzten badu, jarraian amaituko da dena, baina berea defendatu nahi baldin badu, gauza luzatu daiteke.
Dena dela, bi segalariek berehala izango dute berriro ere elkarren aurka neurtzeko aukera, uztailaren 31n jokatuko baita Aian Euskal Herriko Txapelketako kanporaketa. Han ez dira elkarren aurka arituko, bi multzotan banatuta neurtuko baitira, eta biak multzoburu direnez, banatan arituko dira. Dena dela, gauzak normal joaten badira, gero finalean neurtu beharko dira, Euskal Herrikoa irabazteko faboritoak ere bai baitira.
Giza-proba
Berrobi eta Urola Garaia izan dira Gipuzkoako giza-probako finalerako txartela lortu duten azkeneko bi taldeak. Aian jokatu zen pasa den larunbat gauean multzo honetako azkeneko jardunaldia, eta Berrobi izan zen onena, aurreko saioan bezalaxe. 55 plaza, zinta bat eta 1,82 metro egin zituen talde honek, lehen postua segurtatuz, bai eguneko sailkapenean, eta baita orokorrean ere.
Azkeneko saio honetan Debako Tarinak taldeak lortu zuen bigarren postua 53 plaza eta 0,50 metro egin ostean, nahiz eta ez zion finalean sartzeko balio izan. Azken postuan, berriz, Urola Garaia sailkatu zen. Talde honek atzeraka egin du. Lehen saioa irabazi egin zuen, bigarren amaitu zuen bigarrenean, eta azkena hirugarrenean. Guztira 51 plaza eta 1,27 metro egin zituen Zumarragako, Ezkio-Itsasoko eta Urretxuko tiralariez osatutako taldeak. Hala ere, finalean izateko moduan da.
Finala abuztuaren 3an jokatuko da Aiako probalekuan eta han neurtuko dira Orioko Heldu, Itziarko Andutz, Berrobi eta Urola Garaia taldeak.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
