Markel IRIZAR
Trek taldeko txirrindularia
Tour

Gure esku dago

Bigarren atseden eguna pasatuta, Tour honen azken txanpan sartzen gara. 2014ko Tourreko azken aste hau, Pirinioetako hiru etapa, erlojupeko bat eta bi etapa laurekin bukatuta egongo da. Txirrindulari bezala, Tourrean parte hartzea berezia bada, Pirinioak pasatu eta bide bazterrak ikurrinez josita ikustea are eta bereziagoa da. Beti defendatu izan dut txirrindularitza, Tourra eta Euskaltel Euskadiren bidez izan dela Euskal Herria zer den eta euskaldunak nolakoak garen erakusteko erakusleiho onenetariko bat. Baliteke, Euskaltel Euskadi desagertzeak, euskal zaleen presentzia jaistea Pirinioetako etapa hauetan, baina zale guztiei gogorarazi nahiko nieke World Tourreko taldea galdu arren, ez dugula galdu ez zaletasuna, ez izaera eta ez erakusleiho hau erabiltzeko eskubidea.

Orain dela ez asko, herri, hizkuntza, kultura eta gizarte hau maite eta beraren mesedetan lan egiteko prest dauden gizon eta emakumeak batzen dituen Gure Esku Dago ekimena sortu da gurean. Hau irakurtzen ari zareten guztiok sobera dakizue zein den Gure Esku Dagoren xedea. Azken urteotan lehen aldiz, pentsamolde politikoak alde batera utziz, abestiak dioen bezala «goazen denok batera eskutik oratuta» egin dugu.

Eta nire uste apalean, Pirinioetako etapa hauek ikurrinez josi eta mediatikoki Tourrak ematen duen aukera hau baliatu beharko genuke, beste behin, gizalegez eta errespetuz, erakuts dezagun zer garen eta zer nahi dugun. Horregatik, Pirinioen atarian, euskal zaleen festa bat espero dut txirrindulari, zale, gizon, emakume, erretiratu edo gazte: «Har dezagun bidea, gure esku dago ta, milaka lagun oinez, eskutik oratuta, jende zoriontsua, herri libre batean»... eta Pirinioetan!

Honi buruzko guztia: Tour