Jaime VALVERDE
KRITIKA antzerkia

Kale ezezagun horietatik

Kale antzerkiak xarma berezi bat du. Bada zerbait gordinagoa bertan, seguruenez, antzeztearen arte zaharra behinola definitzen zuten zenbait ezaugarri gorde dituelako: bat-batekotasun puntu bat, jendearekiko gertutasuna, publikoaren parte-hartzea eta, batik bat, aurreikusi gabeko gertakarien presentzia.

Atsegina da oso Trapu Zaharra taldekoak lanean ikustea, 20 urte baino gehiagoko eskarmentua dutelarik, maisuak baitira kaleari etekina ateratzen. Hain zuzen ere, badirudi obra honetan karrera luze horren gaineko atzera begirako zerbait badagoela. Krisialdia dela-eta bizirauteko edozer egitera behartuta omen dauden bi aktore beterano agertzen zaizkigu. Haien numeroak saldu ezin badituzte, aurreko obretan pilatutako mozorroak eta tramankuluak ere saltzeko gai dira.

Gutxi dirudien arren, aski eta gehiago da Txubio de Jauregi eta Santi Ugalderentzat, kapazak baitira inguruko eraikinetan leihoetara atera jendea ere tramaren parte funtsezkoa bihurtzeko. Horrez gain, obraren barruan bada lekua burbuila ekonomikoaren parodia, Abbaren musikaz atondu koreografiak, edota Azken Afariari buruzko opera-rock bat egiteko.

Guztiarekin, sentsazioa da momenturik onenak prestatutako ildotik aldentzean jazotzen direla: ikusle koitaduari adarra jotzen diotenean edo inprobisazioetan murgiltzen direnean, kasu. Momentu horietan, aktoreek gidoiaren segurtasuna utzi, eta ezagutu gabeko parajeetan sartzen dira, urteetan bildu profesioaren ezagutza beste armarik ez dutela. Eta orduan pizten da kaleko antzerkiaren argi paregabea.

Onerako eta txarrerako, kale antzerkia ikustea gutxi prozesatutako jaki bat dastatzea bezalakoa da. Zaporerik gabeko zerbait izan daiteke ala, kasu honetan bezala, denborak behar bezala ondutako fruitu freskoa.

Antzezlana: `Vive soñando'.

Lekua eta eguna: Zornotza (Gernikako Plaza), 2014/07/20.

Taldea: Trapu Zaharra.

Aktoreak: Txubi F. de Jauregui eta Santi Ugalde.

Zuzendaria: Espe Lopez.