2014/07/23

Miren Harizmendi Gonzalez
Soziologian lizentziaduna

Miren Harizmendi Gonzalez soziologian lizentziaduna eta terapeuta gestalt eta transpertsonala da. «Zu irabazle, ni irabazle. Gatazkak ikasgai bihurtuz» izenburupean egunotan Iruñean den Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) ikastaroko -atzo goizean hasi zen ikastaroa- irakaslea da bera. Berarekin hitz egin dute UEUko ordezkariek eta ikastaroaren nondik norakoak kontatu dizkie.

«Ekintzen gaineko erantzukizunak aurrera egiten laguntzen digu, baina erruduntasunak ez»
UEU
P014_f01
ERRESPETUA. «Nik uste dut errespetu falta dela gatazka batean saihestu behar den gauza nagusia, bai besteekiko bai geure buruarekiko»

Zein da ikastaroaren helburua?

Gatazketatik poliki-poliki atera ahal izateko eta horien ebazpenerako bideak aurkitzen saiatzea da ikastaroaren helburu nagusia.

Nola definituko zenuke gatazka bat? Zer motatako gatazkak identifikatu dituzu?

Pertsonen interes edo gogo ezberdinen arteko talka da gatazka. Mota askotako gatazkak daude: bi pertsonaren artekoak, familia artekoak, lagunen artekoak, lan mundukoak, politika mailakoak eta taldeen artekoak, besteak beste.

Gatazka baten aurrean zein jarrera hartzea gomendatzen duzu?

Lehenik, gatazka ikasketa moduan hartzea gomendatzen dut. Askotan ez gara ohartzen gatazka batean sartuta gaudela, eta ohartzen bagara ere, batzuetan ez diogu jaramonik egiten. Izan ere, aurreiritzi batzuetatik abiatzeko joera izaten dugu eta aurreiritzi horiek nahiko automatizatuak izaten ditugu. Hori dela eta, erraza gertatzen zaigu puntu batean posizionatzea eta hortik ez mugitzea. Suposatutzat hartzen dugu pentsatzen duguna eta sentitzen duguna horrela izan behar dela eta arrazoia dugula. Sarri ez dugu gatazkaren gaineko hausnarketarik egiten. Beraz, nik gomendatuko nuke gatazkak ikasketa moduan hartzea, bakoitzak bere buruari galdetuz ea zer ikas dezakeen egoera horretatik.

Gatazka batean gaudela blokeatzen bagara, zer egin dezakegu?

Hori da, hain zuzen, ikastaroan landuko dugun gai nagusia. Azken finean, gure burua egoera zehatz batean ikusten ez badugu, blokeatzea erraza da. Bakoitzak bere bidea bilatu behar du; agian niretzat baliagarria dena zuretzat, ez, eta zuk behar duzuna beste batek ez du behar. Badira proposamen edo aukera orokor batzuk, baina nor bere esperientziatik abiatu behar da beti.

Alde batetik, beharrezkoa da autoestimua edukitzea. Beste zenbait ataletan bezala, gatazken kontuan autoestimua garrantzitsua da geure buruari balioa ematen diogulako eta horrela errazagoa zaigulako egoerari aurre egitea. Bestetik, askotan gatazka batean sartuta gaudenean eta geure buruarekiko gatazka ez denean, erraz jotzen dugu besteari errua botatzera. Orduan, erruak enkista- tzeko joera izaten du, iraganari begira geratzen baikara, blokeatuta, eta aurrera egitea kostatzen zaigu.

Beraz, garrantzitsua da errua eta erantzukizuna bereizten jakitea. Izan ere, ekintzen gaineko erantzukizunak aurrera egiten laguntzen digu, gure akatsetatik ikasten baitugu. Erruduntasunak, aldiz, iraganari eusten dio eta ez digu aurrera egiten uzten.

Horiez gain, beste zenbait irizpide ere hartu behar ditugu kontuan gatazka batean blokeatuta gelditzen bagara; hala nola, bestearekiko enpatia, bestea entzuteko prest egotea, barne hausnarketa (zer suposatzen dit egoera horrek, zer pentsatzen dut horren gainean, nola jokatzen ari naizen konturatzea gero aldatu ahal izateko) komunikazioa, errespetua, bestearekiko begirunea, kontsiderazioa...

Eta zer saihestu behar da gatazka batean?

Nik uste dut errespetu falta dela gatazka batean saihestu behar den gauza nagusia, bai besteekiko eta bai geure buruarekiko. Horrez gain, nik uste dut baliagarriagoa dela gauden puntutik abiatzea, nahiz eta gustuko ez izan. Hau da, blokeo egoera horretatik abiatu behar dugu gatazkari aurre egiteko.

Nori zuzenduta dago ikastaroa?

Ikasteko prest dagoen edonori. Ez dago arau edo baldintza berezirik ikastaroa egiteko. Gatazketatik ikasteko prest dagoen edozein pertsonari zuzenduta dago.