Tamaina txikia, aurrerapen handia
Euskal enpresa bakoitzak bere premien arabera erabil ditzake CIC Microguneko puntako teknologia eta zerbitzuak, merkatuan lehiakorrago izatea lortzeko.

«Teknologia berriak» hitz elkarketa askotan erabili ohi dugu. Gustuko dugun horietakoa da, eta ez gara konturatzen berria den guztia zaharkitu egiten dela egunero. Teknologia handiak, txikiak eta ñimiñoak ere badaude; askotan txikienak dira garrantzitsuenak, ikusi ez arren berrikuntza asko gertatzen direlako haren inguruan. CIC Microgune zentroa duela 10 urte hasi zen lanean, mikrosistemak aztertzen. Ordutik euskal enpresekin elkarlanean aritu da, baina ez nahi bezainbeste. Horregatik, alderdi horri bultzada bat eman nahi diote, honek eskaintzen dituen «puntako teknologiak euskal enpresen zerbitzura» jartzen dituela argi esanda. Guztira 900 metro karratuko azalera dute ikerketei eskaintzeko. Adibidez, MEMS sistema mikroelektromekanikoen fabrikazioa film mehe edota substratuen prozesaketaren bidez egin daiteke (lurrun bidezko deposizio kimikoa, e-beam lurrungailua, Sputtering sistema, estalketa elektrolitikoa, nanoprint sistema, argi ultramore bidezko litografia...).
Ezaugarri bereziko hainbat mikroskopio dituzte, bai eta atmosfera kontrolatuen simulazioak egiteko balio duen gas-bankua ere. Perfilometro mekanikoa gainazalen eta geruzen lodierak eta zimurtasunak neurtzeko gai da eta 3D ekorketak egiten ditu. Ganbera klimatikoan, berriz, materialen jokabidea azter daiteke tenperaturek gora edo behera egiten dutenean. Horiek dira Arrasate, Donostia eta Eibarreko eraikinetako gela garbietan dauden tresnetako batzuk. Beste guztiak eta horien ezaugarri eta erabilerak Microguneren webgunean ikus daitezke.
Ekipamendu hauek euskal enpresen eskura jarri eta horiek lehiakorragoak izatea dute helburu. Enpresa bakoitzak bere premien arabera erabil ditzake eta autozerbitzu gisa ere kontrata daitezke. Hau da, enpresek instalazioetara hurbiltzeko eta bertan lan egiteko aukera izango dute (nahiz eta CIC Microgunek berak teknikari adituak laguntza behar dutenen eskura jarriko dituen). Zerbitzu horiek erabiltzeko facilities@cicmicrogune.es helbidera mezu bat idatzi behar da eta arduradunekin harremanetan jarri. Txikitasunari gertutik begiratzeko garaia da.

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
