Uda giroko arrasti eguzkitsua Zurriolan, The Kinks taldearen doinuekin
Urtero lez, Kursaal buelta eta Zurriolako Jazz Band Ball-arekin hasi zen atzo Jazzaldia. Eguzki galdatan zaleak terrazetara hurbiltzen hasi eta Ray Davies oholtzan zenerako jendetza zen bertan. Bera zein gauerdian txanda hartuko zion Parliament/Funkadelic-eko George Clinton ziren izar nagusiak; biak ere 70 urtetik gorako artistak.

Donostiako Jazzaldia hastearekin batera atera zituen nagiak eguzkiak atzo, Kursaal inguruko terrazetan apurka-apurka bildu zirenak izerdi patsetan jartzeraino. Izarrak Ray Davies eta George Clinton aitonak genituen, baina hauek jotzerako Columbia Jazz Band estatubatuarrak, Rene Marie abeslariaren laukoteak eta Victor de Diegoren saxofoiak goxatuak zituzten bertaratutakoen belarriak.
Columbiakoa orkestratzarra da, profesionalak ez diren hogei musikari inguruk osatua; estandarrak joz indartsu hasi ziren, eta hasterako milatik gora izango ziren aurrean zituzten entzuleak. Kursaal inguruko ateak 19.30ean ireki ziren, eta ordurako ehunka ziren zinta noiz kenduko zain... tokia hartzeko? De Diego, bitartean, oholtza txikienean zen putz eta putz; hiru proposamenetan ausartena soinuari dagokionez; hondartza hurbilen duen taulan zen eta lehen doinuak oraindik eguzkipean zirenen algarekin nahastu zitzaizkion. Bi kuboen artean, taula garaienean zen Rene Marie, aurrean zaleak gezurrezko belartzan erdi etzanda zirela. Ahots ederra du, bertan gelditu ginen.
Terrazetako hiru agertokiek batera abiatu zuten Jazzaldia, baina begirada guztiak Zurriolako hondartzara zuzenduak ziren; «The Modern Genius of The Kinks», Ray Davies, noiz agertuko.
Rock musika ahotan hartu eta ohiko galdera izaten da «Stones ala Beatles?»; hautatu nahi ez dutenen irtenbide garbia, «The Kinks» erantzutea. Aipatutako hirurak ditugu 60ko hamarkadaren erdialdera AEBak hartu zituen britainiar olatuaren erantzule nagusiak. Eta The Kinksek Ray Davies du abeslari eta kantugile nagusia.
Ray-k nerabea zela sortu zuen The Kinks anaia Dave-ekin batera -Mick Avory eta Pete Quaife-k osatzen zuen laukotea-, eta jada 70 urte bete dituen arren, gazte bihurriaren aurpegia izaten jarraitzen du. 2003. eta 2008. urteetan Gasteizko Azkena Rock jaialdian jo zuen.
Bill Shanley eta Paul Sayer gitarristak, Ian Dick Nolan baxu jotzailea, Ian Gibbsons teklatu jotzailea eta Damos Wilson bateria jotzailea ondoan zituela, seikotean agertu zen Davies maisua, jaka gris dirdiratsua soinean, erdi soberan zuen hondar gaineko taulara, musikari gazte eta trebeak erdi borobilean eta elkarrengandik oso hurbil paratu ziren-eta. Zahartuta dago Ray, baina haren kantuak itzelak dira.
The Kinks sortu zela mende erdi eta desegin zirela hogei urte luze beteak diren arren, geroztik bakarka lauzpabost lan argitaratuak dituen Ray zaharrak bizirik mantentzen du bigarren kanta ondu zuenean, «You Really Got Me», laukoteak zuen espiritu hedonista. Plazagizon apartak, Fender Telecaster-a eskuetan, «I Need You», «Where Have All the Good Times Gone» eta «I´m Not Like Everybody Else» eman zizkigun errenkadan, eta behin eta berriro berarekin kantatzeko xaxatu zuen publikoa; Zurriolan iragan urteetan baino jende saldo txikiagoa bildu zela begitandu zitzaigun. «Sunny Afternoon» zoragarria jo zuenerako, eta izan genuen bai arrasti eguzkitsua, ilundu zuen; gaztea zen gaua.
Funkaren «beste» aitabitxia
Britainiar rocka aipatu dugu lehen, eta AEBetako funk-aren izarrik distiratsuenak ahotan hartu beharra dugu orain. Izan ere, James Brown eta Sly Stone-n ondotik, biak ala biak Jazzaldian jotako piztitzarrak, George Clinton zen atzo jaialdia abian jartzen duen Jazz Band Ball-a ixteko ardura zuen morroia.
Clintonek mende erdiko ibilbidea egina du oholtza gainean, Parliament/Funkadelic gidatzen batez ere -Biarritzeko BIG-en jo zuen iaz-. Musikagile gazteagoen miresmena du Clintonek, eta bere doinuak sarri erabili izan dira hip-hop edo musika elektronikoan. «Ondo dago hori -adierazten du berak-, betiere funkaren espiritua mantentzen bada», hau da, emaitza dantzagarria bada.
Clintonek 73 urte bete zituen herenegun, eta ezkonberritan etorri da Donostiara -«oraindik sasoiko nago-eta!» bota zigun adar jotzaile-. Zurriolan jo aurretik eta emaztea ondoan zuela aitortu zigunez, kapela eta betaurreko beltzez jantzita eta lepoko eta eraztun urre-kolorekoak aldean, jaialdietan jo izan du, «baina inoiz ez hondartzan bertan. Ondo pasatuko dugu, gure emanaldiak festa hutsa izaten dira-eta».
Egun zein musika entzuten duen jakin-minez itaundu, eta «zaharrek entzuten dutena ez», gaztigatu gintuen berak; «birbiloba bat dut 15 urtekoa, berak jartzen dizkit pilak». Gauerdian Zurriolan emanaldia zuela-eta, «zer joko dudan ideiarik ere ez dut!», bota zigun derrepente; momentuan bertan erabakitzen baitu «setlist»-a. Oholtza gainera hogei lagun ziren agertzekoak Parliament/Funkadelic-en saioan, Clintonen beraren bi iloba tartean zirela. Funkaldia!

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

«Energetikoki, Euskal Herrian Trumpen bandoan gaude»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
