2014/07/26

Kronika
Udate
Euriak ere ez ditu Gasteizko blusak eta neskak geldiarazi

Atzerako kontaketa hasi da. blusa eta nesken egunetik aurrera hasten da Gasteizko jaietarako falta diren egunen zenbaketa. Atzoko Santiago egun euritsuak ez zituen protagonistak kikildu.

Amaia GARTZIA
P053_f03

Goizeko euriak nahi bai, baina ez zituen atzera bota atzo Santiago egunean kalera atera ziren blusak eta neskak. Goizeko lehen orduetan euri zaparrada bota eta goibel esnatu zen Gasteiz. Joan den urteetako bero sapa kiskalgarriaren aldean, ia goiz osoa eduki zuten lainoek hiria hartuta. Hori dela eta, eguneko ekintzei hasiera ematen dien asto lasterketa ezagunean ohi baino jende gutxixeago zebilen; hots, kanpoko gautxoriak ordu horretarako izaten duten itxura ikusirik, saguzarrak, hobeto esanda hanka eginda zeuden hasterako.
Lasterketa hasi baino minutu batzuk lehenago hasi zen berriz euritan. Parte hartzen duten hamar kuadrillak prest zeuden ordurako, bakoitza bere zaldizko eta astoarekin: Oier, Felipe, Espartako, Eustakio ez nahastu, asto batzuentzat aukeratu zituzten izenak ziren.
Aurten ere ATEA Animaliei Tratu Etikoa Ematearen Aldeko Elkarteko hamar bat pertsona elkarretaratu ziren lasterketa salatzeko. Gainera, Animalien Ordenantza berria urratzen duelakoan Ekologistak Martxan elkarteak Gasteizko Udalaren aurka jarritako salaketa aztertzea onartu du berriki Arabako Ingurumen Fiskaltzak.

«Tamames» garaile berriz
ATEAko Kepa Tamames bozeramailearen zorigaitzerako, badirudi, batera edo bestera, ez dela sekula asto karrerako protagonista izateaz libratuko, eta, beste behin, ekintza hau antolatzen duten Batasuna kuadrillakoek Tamames izena jarri zioten garaile atera zen euren astotxoari. Zortea ematen diela ezin ukatu, iaz ere Tamames I.a-k eskuratu baitzuen lehen postua. Ez dituzte horren gaizki tratatuko, ia ukitu barik ziztu bizian atera baitziren animaliak. Tamames bereziki. «Hori ez da astoa, hori zaldia da!», bota zuen blusa batek harriturik haren abiadura ikusirik, baita Felipe bere zaldizkoa, ohiko bikingo kaskoarekin.
Lehen itzulia betetzen aurrenekoak izan ziren arazo handirik gabe lehendabiziko hiru postuetan sailkatu zirenak: Batasuna, Belakiak eta Galtzagorri kuadrillak, hurrenez hurren. Azken hauen astoa, baina, irteeran gelditu zen, mugitu gabe, eta Iker, gainean zihoan blusa, zoro baten pare imintzioka hasi arren, jaitsi eta berak eramatea beste aukerarik ez zuen izan, nahiz eta azkenean hirugarren postua erdietsi zuen.
Batasunako Felipe Lopez de Egilaz garaile heldu zen helmugara; hain garaile, ezen «ohorezko» beste itzuli bat ematea erabaki baitzuen, bere zain zeuden kazetarien harridurarako: «Publikoarentzat beste bira bat eman dut», azaldu zuen. Lasterketa amaituta, euria mardulago botatzen hasi zuen eta eguerdira arte eutsi zion horrela. Zazpietatik zeuden prest astoei erreleboa hartu zieten baratxuri saltzaileak. Ohitura izaten da gasteiztarrak baratxuri txirikorda lepoan dutela ikustea, baina atzo goizeko eguraldi kaskarrak salmenta zaildu zuen. «Zerbait saltzen ari gara, baina euria dela-eta ez nahiko genukeen guztia», esan zuen Maria Estela de Paulak, lehen aldiz Santiago egunean izan zen baratxuri ekologikoen postuko saltzaileak. «Euriak ez du asko lagundu, baina salmenta nahiko ona» izan zela aipatu zuen, aldiz, Alba Atxukarrok.
Santiago egunean bisitatu beharreko beste toki bat unibertsitate inguruan kokatzen den nekazaritza azoka da, ohi baino askoz jende gutxiago erakarri zuena, eguraldiagatik hau ere. Aurten ez zen zailtasunik azokan zehar ibiltzeko, beste urteetan gertatu denaren kontra. «Oso gaizki. Goiz da oraindik jakiteko, baina euri asko egiten ari da», aitortu zuen Monasteriogureneko Zuriñe Lekuonak.
Azkenik atertu eta perretxikoak bezala agertu ziren han eta hemen blusak eta neskak txarangen musikak lagunduta. Zezenketetara joateko egiten den ohiko ibilbidea eginda gorde zituzten abarkak gasteiztarrek. Hamar egunerako baino ez, jakina, Andre Maria Zuriaren jaiak hasi arte.