Zeruaren konkista
Antzinatik gizakiaren obsesioetako bat izan da zerua konkistatzea. Lurra eta itsasoak iparretik hegora eta mendebaldetik ekialdera bere egitearekin nahikoa izan ez, eta buru gaineko espazioa ere menperatu beharra zeukan. Ikaro eta Dedalo mitoan askatasunarekin lotuta agertzen zaigu hegan egiteko ahalmena, bizkarrera argizariz itsatsitako hegoen bidez lortzen baitute aita-semeek labirintotik ihes egitea, baita tragediarekin ere, eguzkira gehiegi gerturatzeagatik argizaria urtu egingo baitzaio Ikarori eta itsasoan itota galduko du bizia. Ikaroren gaztetasunari lotu izan zaio Dedaloren semearen heriotza, baina inpresioa dut konkista printzipioarekin zerikusirik baduela gertaerak. Zerbaitetaz bortxaz jabetzea da konkista, eta bortxa tartean dagoelako konkista ezin da inoiz amaitutzat jo, helburua betetzea ahalbidetu duen bortxa norberaren kontra itzul daitekeelako.
Konkistak eta teknologiak, Ikaroren ahalik eta altuen hegan egiteko desirak eta hegoek ez dute nahitaez loturarik izan behar, baina praktikan eskutik helduta joan ohi dira. Hegan egin zezaketen gailuei esker gizakiak mitotik zeruaren benetako konkistara jauzi egin zuenean, luze jo gabe gerraren zerbitzura jarri zituen, konkista batek beste konkista batzuei bide emanez. 1911. eta 1912. urte bitartean gertatu zen lurretik zein airetik borrokan aritutako lehen gerra, eta ordutik funtsezko gerra-tresna da hegazkina. Baina suntsipena eragin dezaketen erraztasun berarekin suntsituak izan daitezke hegazkinak. Egunotan ikusi dugu hori. Errua, baina, ez da hegazkinarena, konkista printzipioaz harantzago ezin ikus dezakeen gizakiarena baizik.

«El imperio norteamericano quiere llevarse el petróleo sin pagar»

Una iniciativa europea contra el pacto UE-Israel busca un millón de firmas

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»
