Zumalakarregi museoa, atzera begira egungoa ulertzeko
Britainiar Legioko Alexander Sommersville ofizialak idatzi zuen, Tomas Zumakalarregiri buruz: «Ia erabakita zeukan Nafarroako koroa onartzea, herria hori emateko prest baitzegoen, baita lau probintziak Espainiatik banandu ostean gobernatzea ere, Tomas I.a, Nafarroako errege eta Bizkaiko jaun izendatuta».

Zumalakarregi aitzindari independentista gisara ezagutzeko Ormaiztegira joan behar izan dugu, baina bertako museoan askoz gehiago ikasi dugu XIX. mendeko Euskal Herriaz. Eta gaur egungoa hobeto ulertzen lagundu digu bisitak.
Bai, Interneten dena dago, edo ia dena, baina armak, uniformeak, mapak, liburuak, grabatuak, jostailuak... bertatik bertara ikustea bezalakorik ez dago. Are gehiago, Ormaiztegiko Iriarte Erdikoa bezalako etxe eder batean jarrita badaude. Etxe honetan bizi izan zen jeneral karlista famatua, eta hementxe ireki zuten duela 25 urte Zumalakarregi Museoa. Hasiera batean, buruzagi militarrari zegoen ia osorik eskainia, baina denborarekin eremu zabalagoa hartu du eta gaur egun XIX. mendeko Euskal Herriaren berri izateko erreferentziazko zentro bihurtu da.
Mikel Alberdi historialaria da museoko artxibo eta dokumentazio arduraduna, eta etxe honetako pieza guztiak buruan «artxibatuta» dauzkala esan daiteke. Fusil bat edo kuadro bat non dagoen jakitea ez da zaila, baina liburutegiko milaka aleen artean ere suelto dabil, irudi eta esaldi jakin bat zer liburutan dagoen gogoratzeraino. Ikertzaileei eskainitako gelako mahaian «Movements of the British Army during the war, from 1808 to 1814» liburu erraldoia ireki du. Londresen erosi zuen Gipuzkoako Aldundiak duela hogei urte, eta xehetasun handiz azaltzen ditu Espainiako Independentzia Gerran tropa britainiarrak egindako mugimenduak. Grabatuak ere izugarri onak dira, eta altxor honen orrialdeak kontu handiz pasatzen ditu Mikelek, guk ondo dasta ditzagun. Horrelako pieza gehiago ere badaude museoan, tenperatura eta hezetasun egokiko gela batean gordeta.
Eskoletako ikasleak, ikerlariak, turistak, euskaltegietako ikasleak, bisitari arruntak... denetarik izaten da Zumalakarregi Museoan. Gipuzkoako barnealdean egonik, hona datorrena interesa duelako dator, ez ustekabean topatu duelako edo hoteleko harreran eskuorri batean ikusi duelako. Katalanak dira, kanpotarren artean, zaleenak, baina madrildarrak ere azaltzen dira. Horietako askok badute karlismoaren berri, baina ikasleek normalean ez, edo gutxi antzean, eta gela hauetan aurkitzen duten informazio zabala nekez jasoko dute eskolan, ez behintzat hain era erakargarrian. Ikastetxeak horretaz jabetuta daude, eta bada hogei urtez etenik gabe ikasleak ekartzen dituenik.
Oraingo hauek ez dira erosketak egiteko garai onenak, baina murrizketak iritsi aurretik Zumalakarregiko bildumak osatzen joan dira eta bisitariak pieza bitxi askoak topatuko ditu Iriarte Erdikoan. Horien artean, jeneralak erabiltzen zuen largabista. Hiruzpalau kataloxa badira Estatu espainoleko museoetan «Zumalakarregiren largabista» etiketa daramatenak, baina Ormaiztegiko hau da benetan militarrak erabili zuena, hori azaltzen duen dokumentazioa aurkitu baitute bertako arduradunek: ofizial ingeles batek berea oparitu ziola deskubritu dute, eta ofizialaren izena grabatuta daraman fundan sartuta dago Ormaiztegiko kataloxa.
Ikerketa ere ez du albo batera utzi museoak, eta lan horrek emaitza azpimarragarriak eman ditu. Esaterako, historiak albora lagatako hainbat protagonista berreskuratu ditu, Tomas Zumalakarregiren anaia Miguel Antonio, adibidez. Miguel Antonio euskal liberalen buruzagi nagusienetarikoa zen, Tomasen etsai politikoa beraz, eta anaia gaztea baino askoz ezagunagoa zen bere garaian. Ondoren, ordea, erabat desagertu zen historia liburuetatik, eta hala egon da Ormaiztegiko museoaren ikerketek berriro argitara atera duten arte.
XXI. mendeko Euskal Herria ulertzeko bi mende atzera egin beharra dagoela garbi dauka Mikel Alberdik. Are gehiago, egungo gatazka politikoaren sorburua -baita Kataluniakoa ere- garai haietan dagoela dio. Esandakoa defendatzeko argumentuak hitzetik hortzera datozkio; esaterako, foruen galera Euskal Herrian eta Katalunian mende bateko aldearekin gertatu izanak bi nazio hauek gaur fase politiko ezberdinak bizi izatea azaltzen du. «Gu nolabait ere `ase' gintuzten foruen azken arrastoekin, eta kataluniarrak batere gabe utzi zituzten. Beharbada, horregatik daude orain gu baino aurrerago independentziaren aldeko bidean», esan du. Bada, bisitariak foruen bilakaera ulertzeko, lege haiei eskainitako gela topatuko du Zumalakarregi Museoan.
Museoen arteko elkarlana gero eta ohikoagoa da, eta Zumalakarregi ez da salbuespena. Hemengo fondoetatik irtendako materialak Baionako Euskal Museoan erakutsi dira, baita Bilboko Euskal Museoan -aurten bertan- eta Donostian ere. Italiaraino ere iritsi dira, Bolognako Museo Civico del Risorgimento izenekoarekin lankidetzan. Egunotan Ondarroako Unanue elkartearekin ari dira elkarlanean, justu duela 200 urte jaiotako Pedro Mari Unanue abeslariari buruzko erakusketa bat prestatzeko Bizkaiko herrian.
Aipatu dugu lehenago ere egungo krisi ekonomikoak eragina badaukala Zumalakarregi Museoan. Esaterako, aldi baterako erakusketa gutxiago prestatzen dira eta astean egun bat gutxiago irekitzen ditu ateak, baina alderdi positiboa ere badauka egoera honek, Interneterako jauzia indar handiagorekin egitera behartu baitu museoa. Erakusketa birtualak gehiago dira orain, eta Ormaiztegiraino gerturatzerik ez daukanak web orrialdean dastatu ahal izango ditu bertako bitxiak eta ikerketen emaitzak.

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén
