Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Hartzekodun bihurtu, putreak!

Debagoieneko kooperatiba izandakoak aurrera egingo bide du, beste bide batetik egin ere, denbora batean sarrera itxita egon ondoren; ez dakit kasu honetan default esaterik dagoen, baina kooperatiba-taldeak eskualdeko giza-kapitalarekin zeukan konpromisoa ez zuen bete. Tira! sukaldeko tresnak hornitzen segituko omen du. Egia esan, lehen ere ez nuen ulertu, horrelako tresnak egiten dituen enpresak pertsianak jaitsi beharra izatea. Hain dira beharrezkoak, han, hor eta hemen! Sukaldeak, ez pertsianak! Eta, jakina, bertan osagaiak prestatzeko tresnak ere! Sukalde hutsetan ez baita sukaldaritza egiterik! Eta hain da handia eskala guztietako politikak duen horren beharra! Ez, ez nago konforteko tresnez, egosteko balio dutenez baino; gatazka-gaiak uretan beraztu ondoren demokraziaren sutan ipintzean erreketa-puntu egokia lortzen laguntzen duten tresnez nago. Bertsolariak esana gogoan, sutan jartzean probatzen da nolakoa den eltzea; eta hori Lurraren edozein herrialdetako zerrendetan. Baina benetako sukaldeak tresnaz aparte sarrerak ere behar ditu, jakinda ere sartzeko balio duen bideak ateratzeko ere berdin balio duela; sukaldeak ez dira bizitzeko helburu, konponbiderako helbide baizik! Hortaz, Praileaitzen sarrera berri bat aurkitu badute, hain da zaila gaur dirauten gatazken kobazuloetan sarrera berriak aurkitzea? Bai, harrapatu nauzu, Gipuzkoako Elizan den gatazkaz nago. Touché! Default!

Tira, abuztuaren harira! joan badoaz hegorantz, autobiderik autobide, Magrebeko portugaldarrak nagusi, hilaren hondar egunetan iparrerantz etorriko diren berak, urteko migrazio ziklo behartuari jarraituz. Merkatuari eraso diote!, entzun dut irratian, eta une batez poztu egin naiz Troika mota batzuk erasoak izan direlakoan; segituan jakin dut Gazako herrixka bateko merkatua izan dela erasoa, barne produktu gordinerako positiboan balio duten armez erasoa, eta odolustua ere izan dela, gordin horretan negatiboan ere kontuan hartzen ez den odolez. Mundu aldrebesa gero! Animaliei tratu txarrak ez ematea errebindikatzen ari den honetan, arauek batzuetan salbuespenik behar dutelakoan nago; putreak kasurako! Funts putreak! Funtsezkoa da putreok hartzekodun bihurtzea, ederto hartu beharko bailukete horiek... egurra!