J.L.
Txapelketak

Euskal Herriko hainbat kanporaketek eta finalek badituzte lekuak eta egunak

Euskadiko Herri Kirol Federazioak abuzturako eta irailerako baieztatuta dauden txapelketen zerrenda argitara eman zuen atzo, lekuekin, datekin eta orduekin, eta zale asko horri begira eta horren zain daudenez, pozez hartuko zuten egutegia. Hala ere, final garrantzitsu batzuk zehazteko ere badaude

Abuztuaren 8an, Itzubaltzetan (Erromo), 20.00etan, jokatuko da orga-jokoko finala. Handik bi egunetara, Leitzan, 12.00etan, segalarien finala jokatuko da, eta 18.00etan, Aian, nesken harri-jasotzeko finala izango da.

Abuztuaren 15ean, Baliarrainen, trontzalarien finala jokatuko da nesketan, eta mutiletan kanporaketa. Abuztuaren 24an, hiru ekitaldi izango dira. 12.00etan Gorritin, Hirugarren Mailako aizkolarien kanporaketa jokatuko da, eta ordu berean, Aian, segalarien finala jokatuko da nesketan. 16.00etan, Atharratzen Zazpi Herrialdetako finala izango da ikusgai.

Irailaren 6an, 17.30ean, Zarautzen ospatuko da kintopekoen harri-jasotzeko finala. Irailaren 13an, Aian, 22.00etan, jokatuko da Lehen Mailako aizkolarien kanporaketa.

Irailaren 27an, Barakaldoko Gurutzeta auzoan, mutiletan eta nesketan txinga finalak jokatuko dira 18.00etan, eta hurrengo egunean, eta ordu berean Aizarnazabalen, Euskal Herriko Hirugarren Mailako bigarren kanporaketa jokatuko da.

Oraingoz aizkolarien hiru mailetako finalek ez dute ez leku eta ez ordurik. Horiei lekua bilatzea izango da Federazioaren hurrengo erronka nagusietako bat.