Lau kirolari izango dira Arabako final nagusian

Gaur hasi eta jaiak amaitu arte, egunero izango dira Gasteizen herri-kirol jaialdiak. Foru plazan izango dira 12.00etatik aurrera, eta bertan herrialdeko hainbat txapel banatuko dira, eta jendeak ere erantzun handia emango du.
Gaurko ekitaldiko unerik garrantzitsuena aizkolarien maila nagusiko finala izango da. Lau aizkolari arituko dira lanean: Kortxero, Zubiaga, Jauregi eta Kintana. Bakoitzak lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu.
Garbi dago Zubiaga eta Jauregi izango direla txapela lortzeko faborito nagusiak. Zubiaga izango da askoren ustez bietan faboritoena, baina Jauregi ere indarrez gainezka dago, eta Euskal Herriko Bigarren Mailako kanporaketan sekulako itxura eman zuen, eta bikain dagoela garbi ikusi zen. Gaur eguerdian txapela lortuko balu ere ez litzateke ikaragarrizko ezustea izango.
Ezustea Kortxerok edo Kintanak irabaztea izango litzateke, beste biekin alde dezente baitute. Bi hauen helburua azkena ez geratzea izango da, eta lan on bat egitea, eta bi faboritoek huts egiten badute haiei aurre hartzea.
Gaur txingen finalak ere jokatuko dira, bai nesketan eta bai mutiletan. Nesketan, Gulova, Galan eta Lekuona arituko dira lanean, eta kirolari bakoitzak 25 kiloko txingak esku banatan hartuta aritu beharko du.
Mutiletan, berriz, Perez de Heredia eta Larrazabal neurtuko dira, eta bakoitzak 50 kiloko txingak esku banatan hartuta aritu beharko du. Bi mailetan denbora librea izango dute lanerako, eta ahalik eta plazarik edo metrorik gehien egitea izango da helburu nagusia.
Horiez gain, beste hainbat txapelketa ere badaude, baina horietan garrantzitsuenetakoa aitzurlarien herrialdeko finala izango da. Euskal Herrian zehar Araba da txapelketa ofiziala egiten den herrialde bakarra.
Bihar izango da aipaturiko finala, eta bertan Llanos, Ruiz de Aretxabaleta eta Lopez neurtuko dira. Aitzurlari bakoitzak bi enbor 36 ontzako eta beste bi 45 ontzako erdibitu beharko ditu.
Etzi, berriz, trontzalari mistoen herrialdeko finala izango da. Hiru bikotek parte hartuko dute lehian: Velez de Mendizabal eta Lekuona, Lopez eta Ferran eta Franco eta Ugarte. Bikote bakoitzak etzanda jarritako 45 ontzakoari hamar epai eman beharko dizkio.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
