Jon LEUNDA
Giza-proba | Gipuzkoako taldekako finala

Orioko Helduk bigarren txandan erabaki zuen auzia

Lehen txandan Itziar izan zen onena, baina ezin izan zuen txapela eskuratu.

Orioko Heldu taldeak irabazi zuen herenegun arratsaldean Aiako probalekuan jokatu zen Gipuzkoako taldekako finala. Jendeak berriro ere erantzun bikaina eman zuen, eta ez zen animo faltarik izan.

Kasualitatea edo ez, kanporaketetan multzo berean aritu ziren Orio eta Itziar izan ziren finaleko bi talderik onenak. Taldeak binaka aritu ziren lanean, eta 950 kiloko harria erabili behar izan zuten. 15 minutuko bi txandatan aritu ziren, eta lanerako zeuden bi harriak erabili behar izan zituzten.

Azkenean oriotarrak izan ziren onenak, eta lan bikaina egin zuten, plaza bat pasako aldea kendu baitzieten itziartarrei. Lehen fasean ere bi talde hauek borroka polita izan zuten, eta azkeneko egunean ere bai.

Heldu taldeak ordu erdian 87 plaza, zinta bat eta 1,44 metro egin zituen. Bi txandetan lanik onena aurrenekoan egin zuen, plaza bat pasako tartea egon baitzen bi txanden artean.

Itziarko Andutz taldeak egin zuen lanak ere ez zuen izan inolako aitzakiarik, ordu erdian 86 plaza eta 1,34 metro egin zituen-eta. Hauek ere aurreneko txandan lan hobea egin zuten, izan ere 45 plaza egin zituzten, eta 41 pasa bigarrengoan. Hor egon zen gakoa, aurrenekoan Oriokoek baino lan hobea egin baitzuten itziartarrek.

Berrobi sailkatu zen hirugarren postuan. Guztira 81 plaza eta 1,06 metro egin zituzten berrobiarrek. Hauek ere lehen txandan lan hobea egin zuten, guztira 42 plaza pasa egin baitzituzten, eta 39 pasa bigarrengoan. Urola Garaia sailkatu zen laugarren postuan. 77 plaza eta 0,89 metro egin zituen. Lehen txandan 40 plaza pasatxo egin ahal izan zituzten, eta bigarrengoan, berriz, 36 pasarekin konformatu behar izan zuten.