Jon LEUNDA
Aizkora | Arabako finala

Zubiaga hasieratik agertu zen gainerakoen gainetik

Txapeldunak ia hiru minutuko aldea atera zion bigarren postuan sailkatu zenari, Arkaitz Jauregiri.

Ez zen ezusterik izan eta Zubiagak eskuratu zuen Arabako txapela, eta hasiera batean uste baino errazago, gainera, ia hiru minutuko aldea atera baitzion Arkaitz Jauregiri. Eloi Kortxerok, berriz, maila galdu zuen.

Jendetza batu zen Gasteizko Foruen plazan, baina emozio handirik gabekoa izan zen jardunaldia. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen.

Hasieratik hartu zuen aurrea Zubiagak, eta aparteko arazorik gabe eutsi ahal izan zion postu horri. Hasieran saiatu zen Jauregi berari eusten, baina behin lehen postua ez zuela eskuratuko ikusi zuenean, bigarren postu horri eustera joan zen, eta helburua lortu zuen.

Emozio handiena laugarren posturako egon zen, Kintanaren eta Kortxeroren artean. Bazekiten azkena geratzen zenari datorren urtean Bigarren Mailan aritzea egokituko zitzaiola eta horri ihes egin nahian aritu ziren. Apurka-apurka, ordea, Kintanak ihes egin zion, eta hirugarren postua eskuratu zuen. Kortxerok amaitu zuen azkena, eta honek maila galdu zuen.

Bere lekua Rodriguez II.ak beteko du datorren urtean, aurten berak irabazi baitu Bigarren Mailako txapela. Berez atzo aritu behar zuen bosgarren aizkolaria Rodriguez I.a zen, baina Araban lizentzia duen segoviarra giltzurrun bat kenduta dago, eta oraindik erabat osatuta ez dagoenez, ezin izan zuen atzo parte hartu. Halere, maila mantenduko diote, horrela erabaki baitzuten parte hartu zuten gainerako aizkolariek.

Atzo jokatu zen, halaber, herrialdeko emakumezkoen txinga txapelketa. Neska bakoitza 25 kiloko txingekin aritu zen. Irabazlea Gulova izan zen, 12 plaza, 1/4 eta 5,20 metro eginda. 11 plaza eta 3,20 metro izan zen Lekuonaren marka, eta 8 plaza, 1/4 eta 5 metro Galarrena. Mutilena ere egitekoa zen, baina bi besterik ez zirela-eta, azkenean ez zen jokatu.

Gaur ere 12.0oetan jaialdia izango da Foruen plazan, eta tartean bi txapelketa jokatuko dira. Garrantzitsuena aitzurlarien finala izango da. Lopez, Ruiz de Aretxabaleta eta Llanos neurtuko dira. Bakoitzak bi 36 ontzako eta bi 45 ontzako ebaki beharko ditu. Mutilen lokotxen finala ere jokatuko da, eta Lauzirika, Uriarte, Ruiz eta Alaba izango dira parte hartzaileak.