www.bizibiziki.com
UDATE BETE | BIZIBIZIREN PROPOSAMENA. Izkiko BBT zentroa

Aisialdi aktiboa mendiko bizikletaren gainean

Mendiko bizikleta, BTT edo lur orotako bizikleta izenez ezagutzen dena, azken urteotan asko zabaldu da naturzale eta kirolzaleen artean. Gurean kirol honetan aritzeko leku ugari eta kalitatezko azpiegitura espezializatuak aurki ditzakegu.

Igoera malkartsuak gainditu, basoetatik barrena ibili, paisaia natural ederrak begiztatu, familian edota lagunartean bizikletaz gozatu... Egun Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban BTT-n ibiltzeko prestatuta dauden bost espazio daude, inguru natural batean eta turismo-erakargarritasuna duten elementu anitzak dituztenak. Euskadiko BTT Zentroak deritzotenak Bizkaiko kostatik Arabako mendialdera arte zabaltzen dira: Busturialdea-Urdaibai (Bizkaia); Tolosaldea eta Debabarrena (Gipuzkoa); eta Valderejo-Añana eta Izki-Arabako Mendialdea (Araba). Zentro bakoitzean, harrera eta informazio puntuaz gain, kirol horri lotutako zerbitzuak eskaintzen dituzte eta guztietan sarrera librea da.

Kasu honetan, asteroko Bizibizikiren txoko honetan, Izki-Arabako Mendialdea BTT Zentrora hurbilduko gara. Mendiko bizikletan adituak nahiz hasiberriak direnentzat diseinatutako ibilbide sare zabala eskaintzen duen gunea da, Arabako hego-ekialdean kokatuta, Gasteiztik 38 km-ra eta Arabako Errioxan dagoen Guardiatik 28 km-ra. Bere harrera puntua Urturiko golf zelaian kokatzen da eta, bertan, jatetxea, kafetegia eta aparkaleku zabala dago.

Bisitari orok Arabako Mendialdeko paisaia harrigarriez gozatzeko aukera izango du. Laborantzarako erabilitako lautaden gainetik agertzen diren kareharrizko mendiek eta basoek kontrastez beteriko eskualde hau definitzen dute. Inguru basotsuak eta basatiak aurkituko ditu bisitariak; aipagarriena Izkiko Parke Naturala da ziurrenik. Naturgune ikusgarri honen bi heren oso amezti sakonek estaltzen dute (Quercus pyrenaica, ametz arrunta) eta, hori dela eta, haritz mota honen Europako erreserbarik handiena eta hobeto kontserbatutakoa dela esan daiteke.

Izkiko BTT Zentroak familiako kide guztientzako diseinatutako ibilbide sarea eskaintzen du. Bertan bai adituek bai hasiberriek BTT txangoez gozatu ahal izango dute lasaitasunez, lau zailtasun mailatako hamabost ibilbideetan. Kolore berdeko ibilbideak errazenak dira; urdinak erdi mailakoak; gorriak zailagoak; eta ibilbide beltzak txirrindulari adituentzat pentsatuta daude, zailtasun handikoak baitira. Ibilbide guztiak behar bezala seinaleztatuak daude norabide plaken bidez. Zein norabide jarraitu adierazten dute, baita ibilbidearen edo ibilbideen zenbakia ere, bakoitzaren zailtasun maila agertzen duen kolore eta guzti. Seinale horiek zutoinetan, hormetan edo hiri altzarietan egon daitezke. BTT zentro guztietan, harrera puntuan, ibilbide sarearen mapa eskura daiteke.

BTTn ibiltzen hasiberriak direnentzako edota umeekin egiteko egokia den ibilbide berezia gomendatzen dugu. Gaur egun Bide Berdea den Trenbide Eusko-Nafarraren bide zaharraren zati batzuk zeharkatzen dituen ibilbide lasaia da, edonork egiteko modukoa. Santikurutze Kanpezutik abiatu eta betiere Bide Berdeari jarraituz, Maezturaino iristen da, pista zabal eta zoru oneko baten bitartez. Berron ibaiaren aldamenetik haran osoan barrena gora egiten du, batzuetan tunel txikiak ere zeharkatuz. Ibilbidean zehar nabarmentzekoak dira Atauritik igaro ondoreneko Bakardadearen baseliza eta, bereziki, Antoñanako harresiak. Bertatik abiatzen dira zailtasun desberdineko hainbat ibilbide.

Urturiko harrera puntutik Arabako Errioxa Euskal Kostarekin lotzen duen GR-38 «Ardoaren eta arrainaren ibilbidearen» zati bat egiten duten bi ibilbide abiatzen dira, 14 eta 15 zenbakidunak. Ibilbide oso gogorra da. Ibilbide honek ia Arabako Mendialde osoa igarotzen du eta, zalantzarik gabe, eskualde guztiaren ikuspegi osoa emango digu. Ibilbidean zehar indarra berreskura dezakegu eskualdeko herri ugaritan. Bidean Antoñana, Maeztu, Markiz eta Urturi bisitatuko ditugu, besteak beste. Aparteko sasoi fisikoa behar da ia 100 km eta 2.261 m-ko desnibela gainditu ahal izateko eta ibilbidea bi edo hiru etapatan egitea gomendatzen dugu. Dena den, ibilbide honekin saiatu aurretik distantzia laburragoko beste ibilbideren bat egitea komeni da betiere.

Leher eginda nahiz ondo bukatzen badugu, mendiko bizikletan ibiltzeak egun zoragarriak pasaraziko dizkigu zalantzarik gabe. Osagarri bezala eta mendiko bizikletaz gehiago gozatzeko, BTT zentroetan erabiltzailearen eskura jartzen dira egonaldia erosoagoa egingo dioten instalazioak: bizikleten parking eta alokairu zerbitzua, dutxak, GPS alokairua edo bizikletaren garbiketa puntua, beste batzuen artean.

Fitxa

NON: Izki Arabako Mendialdea BTT Zentroa. Urturiko golf zelaia (Araba)

INFORMAZIO PRAKTIKOA: Telefonoa: 945 378 262. Webgunea: www.btteuskadi.net