Amaia GARTZIA
UDATE | Gasteizko Andre Maria Zuriaren Jaiak

Zeledon eta Neska txikik hartu diete erreleboa nagusiei Haurren Egunarekin

Astelehenean Gorka Ortiz de Urbinak egin legez, atzo Asier Morenok eta Amaia Alvarezek ekarri zuten jaia Gasteizera Zeledon eta Neska txikiren paperean, jendez lepo zegoen Plaza Berrian. Gaur, Beteranoen Eguna izango da, XXI. Gastronomia Txapelketarekin eta nagusien dantza lehiaketarekin. Gauean, Ze Esatek, Betagarri eta McOnak taldeek joko dute.

Andre Maria Zuriaren jaietako bigarren txupinazoa ospatu zuten atzo: Zeledon eta Neska txikik Gasteizko Plaza Berrian erreleboa hartu zioten Gorka Ortiz de Urbinari. Haur eta gurasoz beteta zegoen plazan suziria piztu eta hilaren 4an udal bandaren eskutik entzuten ziren doinu berberekin Zeledon eta Neska txikiren panpinek plaza zeharkatu zuten goitik haurren begirada eta jauzien artean.

11 urteko Gasteiztarrak kuadrillako Asier Morenori egokitu zaio aurten Zeledon txiki izatea, eta berak esan bezala, duela astebeteko aurkezpenera arte, bere lagunen artean sekretua gordetzea asko kostatu omen zaio. Neska txikiren papera, ordea, Galtzagorri kuadrillakoa den Amaia Alvarezek bete du, 12 urtekoa bera. Honen kasuan, bere gurasoek aurkeztu zuten Neska txiki izateko hautagaitzat, berari ezer esan gabe, horregatik «ezuste bikoitza» jaso zuen hautatua izan zela jakitean. Asierrek aipatu zuenez, txiki-txikitatik darama blusa izaten, eta Amaiak, bere aldetik, gogoratu ere ez du egiten noiztik ari den ateratzen.

Goizeko meza, lore eskaintza eta ohiturazko aurreskua dantzatu ondoren, bi gaztetxoak balkoian agertu ziren panpinak sartu bezain pronto, eta aterkia irekita jauzika agurtu zituzten bertaratuak. Ondoren, hitz batzuk zuzendu zizkioten beste haur guztiei eta arin-arina dantzatu zuten: «Gaur gure eguna da, eta Neska txiki eta biok jai hau gurekin pasatzera gonbidatu nahi zaituztegu, salto eginez, dantzatuz eta gozatuz! Ondo portatu zaitezte, eta orain, gozatzera!», bota zuen Asierrek gogotsu. Dantzaren ostean, abuztuaren 4an Zeledon handiak egin legez, publikoari ezagunak zaizkion hiru esaldiak oihukatu zituzten gero jauzika jarraitzeko, bakoitza bere aterkia eskuan: «Gora Gasteiz! Gora Andre Maria Zuriaren jaiak! Gora Zeledon eta Neska txiki!».

Komunikabideak hartzeko unean, biek gauza bera azpimarratu zuten, gazteenei dagokien egunaz disfrutatzea. «Oso urduri» sentitu zela nabarmendu zuen Asierrek «zerbait gaizki egin edo esateko beldurrez». Izerdituta amaitu zuen arren, handitan Zeledon izatea ez du baztertzen, kontatu zigunez, eta atzokoa bizi eta gero hobeto ulertzen du Gorka Ortiz de Urbinak urtero pasa behar duena ere. «Nekagarria izan da, baina polita», erantsi zuen.

Aurten, Blusa eta Nesken Batzordeak Aspace-ri omenaldia egin dio, eta horregatik, atzo Asier eta Amaiarekin batera Jon Hernando eta Janire Retuerto izan ziren eurak ere Zeledon eta Neska Txiki Aspace bezala. Bestalde, makina bat ekintza izan ziren etxeko txikienen gozagarrirako, barrakak merkeago izateaz gain. Besteak beste, jende andana hurbildu zen Andre Maria Zuriaren plazan Bereziak kuadrillakoek antolatutako Photocall-era, blusaz eta neskaz jantzitako haurrekin argazkiak ateratzera. Ume asko erakartzen dituzte Basatiak kuadrillaren Basatilandia haur parkeak eta Prado Parkeko abentura guneak, eta bihar ere hor izango dira.

Gaur, Beteranoen Eguna

Haurren Egunaren ondotik, gaur Beteranoen Eguna izango da Gasteizen. Goiz-goizetik, meza eta lore eskaintza egingo zaie blusa eta neska beteranoei. 10.00etan, goiz osoan zehar luzatuko den Bereziak kuadrillak antolatutako XXI. Gastronomia txapelketa eta XI. Ardo kiniela dastaketa hasiko dira. Eguerdian, herri kirolen Andre Maria Zuria torneoa jokatuko da Foru Plazan. Ordu berean, apar jaia antolatu dute Batasunakoek Urrezko Zeledonen plazan. Aihotz plazako bertso saioan Felipe Zelaieta, Iratxe Ibarra, Iñaki Viñaspre eta Beñat Gaztelumendi arituko dira. Toki berean izango da Xabi Aburruzaga ere, 19.30ean.

Gauean kontzertuak izango dira: Betagarri Foru plazan, Txuma Murugarren & Angel Unzu Aihotz plazan, eta McOnak eta Ze Esatek txosnetan.