Testua: Jakes PARROU Argazkia: Gorka RUBIO-A. PRESS
UDATE | Donostiako Aste Nagusia

Filibusteroak eta ubarroiak! Traganarrua dator

Traganarrua, tragarroia, tornadoa, mangera, trabañarro, tronpa... Mugitua dator Kantauri itsasoa Donostia aldean, auzoetatik jiraka datoz haize berri indartsuak. Iruñean aspaldi luzean peñak baldin badira, Bilbon Marijaiarekin batera konpartsak antolatu bazituzten, Gasteizko blusa eta nesken kuadrillak guztiz ezagunak badira... orain hemen dira Donostiako gazte kofradiak, nola ez ba?

Eskifaia, Pirata Bihurriak, Xibaro, Sardiñerak, eta abar izan ziren aitzindariak, baina Jakes Parrouren katalejotik aspaldi sumatzen hasia zen pirata festazale gehiago biltzeko gogoa, Urumeaz bestaldean, Donostiako goialdeetan, Ondarretako tunelaz harago... Eta badatoz bai, hemen daude, jaia Parte Zaharretik auzoetara zipriztintzeko garaia badelako.

Intxaurrondotik jaitsi dira Traganarrukoak, gogotsu, talaia honetatik begiztatu dudanez. Bideoklipa eta guzti egin dute, auzoa astindu nahi dutela erakusteko, eta lehen abordatzea beraiek egingo dute gaur goizean, auzoko iturri batean. Donostiako itsasoaren jenio bizia islatzen duen hitzetako bat hartu dute izen, eta hauxe iragarri dute: ``Haizea hasia da harrotzen, itsasoa ari da oldartzen''. Intxaurrondo ez dela «gure marko inkonparablea» diote, baina ño! xarma ere baduela Donostiako «periferiak», eta Aste Nagusia ere izango dela bertan, aurten bai, beren esku.

Grosen ere sortu da kofradia: Ubarroiak. «Hegazti piratak dira, itsaslapurrak -esan digute-. Gros auzoa dugu alde kuttuna, Uliako arrakaletatik jaitsi eta bertan dihardugu ehizan, urpean sartu eta arrainik gozoenak irentsiz ibaian zein itsasoan. Arrantzaleei ere ohartzerako lapurtuko dizkiegu gutiziarik maitatuenak. Baina lapur zintzoak garenez, ostutako sardina guztien hezurrak itzultzen dizkiegu zopatarako». Parte Zaharreko zubia behin eta berriz gurutzatzeak ez die ba nekerik sortuko ubarroiei.

Eta Antigua aldean zer? Badiaren mendebaldean, Aiete eta Igeldo arteko lur zatian, filibustero ugari zerumugan. Norbaitek ez baleki, «euren kontura jokatzen zuten piratak ziren. XVIII. mendean, patenterik eta gobernu-batzorderik gabe beste lurralde batzuetara jotzen zuten, horiek konkistatu nahian. Gu ere Donostia abordatzera gatoz, gure antiguatar izaera aldarrikatuz». Ongi etorri Filibusteroak, zaila izango duzue oharkabean pasatzea, urre koloreko ator dizdiratsu horiekin!

Ingurumenaren lagunak Ainguran, kirolzale festazaleak Kalepozan... donostiar gazte eta ez hain gazteak biltzen ari dira hiriari astindu on bat emateko, itsasotik lehorrera eta kostaldetik mendira, Donostia pirata eta errebeldea marraztuz. Beren ibilera gertu-gertutik jarraitu beharko dugu hurrengo aste honetan mastatik, baina beste begia Donostia txintxo ponpoxoari gainetik kendu gabe, noski.

Bela zabal-zabalik, haizea lagun, kanoiak prest, bagoaz!