«Hondartzara joatea guztiok atsegin dugu»
Zortzigarren urtez, Hondarribiko hondartzan ezintasunagatik, adinagatik edo beste arrazoiren bategatik mugikortasuna murriztuta duten pertsonei etxetik bertatik uretarainoko bidea egiten laguntzeko eta eguna bertan pasatzeko zerbitzua eskaintzen diete. Erabiltzaileak «zoriontsu» izatea helburu duen doako ekimena abuztuaren 31ra arte izango da martxan.

Udan Euskal Herriko hondartzetan bainu bat hartzea guztiok atsegin dugu; denok gozatu ezin dugun aukera da, hala ere. Makina bat dira ezintasunagatik, adinagatik edota beste arrazoi batengatik beren egunerokotasunean gisa guztietako oztopoak gainditu behar dituztenak.
Besteak beste, mugitzeko gaitasun mugatua dutenek udan Euskal Herriko hondartzetara joateko arazo ugari dituzte. Batetik, hondartzak ez daude beraien beharrei egokituta, eta bestetik, bainatzearen arriskuengatik uretan sartzeko aukera ukatzen zaie.
Egoera horri irtenbidea emateko, Gipuzkoako Aldundiak bultzatuta, uztailaren 15ean zortzigarren urtez jarraian Hondarribian Oztoporik Gabeko Bainua proiektua jarri zuten martxan.
Abuztuaren 31ra arte abian den egitasmo honen xedea, ezintasunagatik, adinagatik edota beste arrazoiren bategatik mugikortasuna murriztuta duten pertsona orori «hondartzara iristeko, bertan ibiltzeko eta eguzkiaz nahiz itsasoaz berdintasunean gozatzeko» zerbitzua eskaintzea da.
Egitasmoaren zuzendari Irati Fernandezek aditzera eman duenez, «mota guztietako arazoak dituzten jendeekin» lan egiten dute; «adinean aurrera joandakoekin, bai eta arazo psikiko eta fisikoak dituztenekin ere».
Fernandezek erabiltzaileak eguna hondartzan igarotzeak «zoriontsu» egiten dituela adierazi du. Gainera, bere aburuz, «beraien osasunerako ekintza ezin hobea da. Gorputza mugimenduan jartzen dute eta lasaitu egiten dira».
Oztoporik Gabeko Bainua egitasmoaren zuzendariaren hitzetan, «guztiok dugu gogoko» egun eguzkitsu batean hondartzara joatea. Zerbitzu honen bitartez, «ezintasunen bat pairatzen dutenek ere aukera bera edukitzea» ahalbidetzen dute.
Ahalmen urritasuna dutenei laguntzea «esfortzu handiko» lana da; areago, Hondarribiko hondartzak egunero jasotzen duen eskaera kopurua kontuan izanda.
Horretarako, «jendearen laguntza» ezinbestekoa da. Aurten, hamabost lagun inguruk ari dira zerbitzuan lanean; soldatapeko langile kualifikatuak, boluntarioak eta kartzelaren ordezko gizarte lanak burutu behar dituzten pertsonak, hain zuzen ere. Horien guztien artean, Gipuzkoan zerbitzu hau eskaintzen duen hondartza bakarrean gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatzen dira.
Gauzatzen ari diren lanarekin «oso pozik» egon arren, «ezindu bakoitzari nahi adina denbora eskaintzerik ez izatea eta horiek nahi bezainbeste uretan eduki ezin izana» sumatzen dutela jakinarazi dute.
Uztailaren 15ean abiatu zenetik, batez beste, 450 zerbitzu inguru eskaini dituzte proiektuko langileek. Duela bi urte lortutako 1.200etik urrun daude, baina aurten eguraldia ez da horren ongi portatu. Hala eta guztiz ere, abuztuan zehar «jende gehiago inguratzea» espero dute.
Oztoporik Gabeko Bainuak erabateko zerbitzua eskaintzen du. Erabiltzaileekin uretan ibiltzeaz gain, horien hondartzako egonaldia aparta izan dadin hondartza azpiegitura ugariz hornitua dago. Hala nola, bi aldagela, dutxa bat, egokitutako komuna, flotagailuak, hondarretan eta uretan ibiltzeko aulkiak, aldapa egokituak, pertsonak lekuz aldatzeko garabi autonomoak...
Doako zerbitzu horretaz baliatzeko, interesatuek 651 902 666 zenbakira deitu besterik ez dute. Horrela, «hondartzara joateko eguna, lekua eta orduak» koordinatuko dituzte. Kontuan izan beharrekoa da, Oztoporik Gabeko Bainuaren zerbitzua goizeko 11.00etatik arratsaldeko 18.00etara izaten dela.
Hondartzara joateko modurik ez dutenentzat ere badute irtenbidea. Egitasmoaren garraio zerbitzu bereziak, «erabiltzaileak auto egokitu batean jaso eta hondartzara eramango ditu» -Hondarribia eta Donostia arteko udalerrietako zerbitzua soilik-.
Behin etxeratzeko ordua iritsita, «jasotako leku berera eramaten da erabiltzailea, hartarako hitzartutako orduan».
Aukera honetaz gozatu nahi duten orok autonomiarik ez duten pertsonek laguntzaileren batekin joan behar dutela aintzat hartu behar dute. Hondartzan bakoitzak laguntzaile bat eduki arren, beren lagunekin hondartzan egun ezin hobe bat igarotzeko lagunduta joatea ezinbesteko baldintza baita.
«Guztiek probatu beharreko esperientzia da»
Zergatik hartzen duzu parte Oztoporik Gabeko Bainua proiektuan?
Aurtengoa egitasmo honetan lanean ari naizen laugarren urtea da. Lehen urtean, udarako lan bila nenbilen eta ikasitakoarekin lotura duen lan hau topatu nuen. Urtero errepikatzen dut, lan honek maila pertsonalean asetzen nauelako.
Ekimen honek erabiltzaileei zer nolako abantailak eskaintzen dizkie?
Beste hondartzetan eskaintzen ez den ekimen honen bitartez, erabiltzaileei guztiok bezala hondartzan egun eder bat igarotzeko aukera ematen diegu.
Zein da lan honen alderik onena ?
Erabiltzaileek gure lana ikaragarri estimatzen dute eta beraien esker ona ikusita zoriontsu naiz. Beraien irribarre bat nahikoa da egindako lana eskertzeko.
Eta gogorrena?
Erabiltzaile guztiei behar adina denbora eskaini ezin izana. Horrenbeste jende inguratzeak ez du ahalbidetzen guztiei denbora bera eskaintzea; egun askotan, erabiltzaileei uretan sartu-irten azkar bat soilik emateko astia daukagu.

«Hay que articular un impulso nacional para afrontar los retos»

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo

«El imperio norteamericano quiere llevarse el petróleo sin pagar»
